argia.eus
INPRIMATU
Sugar Kultur Fest
Sormenaren aldeko apustua berretsi dute Judimendin
  • Berrogeita hamar kultura ekimen baino gehiago antolatu dituzte maiatzaren 4tik 12ra bitartean Gasteizko Judimendi auzoan, Sugar Kultur Fest jaialdiaren barruan.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko maiatzaren 02a

Bigarren urtez egingo da ekimena, sormenerako auzoa sortzeko asmoz. Larunbatean abiatuko da jaialdia Araba Euskarazek antolatu duen Gertu egunarekin batera. Goizetik nordic walking, zumba eta bertso emanaldiak antolatu dituzte. Herri bazkariaren ostean, musikaren txanda izango da dj eta musika taldeen emanaldiekin, azaldu du Jose Alberto Santiagok, eguneko koordinatzaileak.

Sugar Fest jaialdia larunbatean abiatuko bada ere, ostiralean Sara Berasaluce artista gasteiztarrak I need. I dont need you erakusketa aurkeztuko due, Irantzu Lekue artistaren ARTgia sorgune & aretoan. 

Asteburuko jardueraz gain, aste osorako ekimenak prestatu dituzte Judimendin. Hala, zazpi egunez kultura ardatz izango duten sormen idazketa tailerrak, abesbatzekin hitzordu berezia, auzoko nagusiekin ibilbide kulturala Judimendiko sekretuak ezagutzeko, herri mugimendua eta auzogintza hizpide izango dituzten hitzaldiak, kontzertuak eto poesia emanaldiak egingo dituzte.

Leire Betolaza jaialdiko arduradunak azaldu duenez, egitaraua auzoak bizi duen suspertzearen ondorioz osatu da: "bultzada soziala sorkuntzara bideratu nahi dugu. Pasa den urritik garatzen goazen parte-hartze zuzenaren bidez, auzotarren berezko baliabideetan oinarritzen gara". Bide horretan, Sugar Lab markoa izan zen aurreneko pausua eta Sugar Kultur Fest da bigarrena, "nahi dugun Judimendi auzoa ikustarazteko, auzo sortzaile izateko aurreneko pausua emateko", esan du Betolazak.

Guztira 30 kolektibo baino gehiago parte hartzen ari dira jaialdiaren antolakuntzan, hala nola, auzo elkartea, Gizarte-Etxea, eliza, Sumendi espazioko kideak, Eoncult elkartea, auzoko artistak, eta ARTgia sorgune & aretoa, "auzo batua, ezagutza eta jakintzatik sorturiko aldaketak erdiesteko".

Lankidetza esparruen garapenaren aldeko apustua egiten duen egitasmo kultural berria da Judimendiko Sugar Kultur Fest. "Auzo sortzailea izan nahi dugu. Antzeko beste esperientziak badira, Bartzelonan, Portugalen, Madrilen edota Irunen. Judimendin ere berea sortzen ari dira".

 

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.