Erasoa jasan duen futbolzale donostiarraren senide eta lagunek deituta elkarretaratzea egingo dute ekainaren 15ean Donostiako Antigua auzoan. Eraso faxista antolatua izan zela, Poliziaren operazioa eta hedabideen tratua salatuko dituzte.
Sorian eraso faxista jasan zuen donostiarrari elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egingo dute ekainaren 15ean, ostegunean, 20:00etan Donostiako Antigua auzoko Gaskuña Plazan.
Maiatzaren 27an izan zen erasoa, Numancia eta Cornella arteko futbol partidua baino lehen. Bi taldetako zaletuak zelaitik gertu zegoen taberna batean zeuden, 50 faxista inguru agertu ziren arte. Han zeuden guztien aurka oldartu eta harriak eta botilak bota zituzten. Tartean zen lagunekin futbol partidua ikustera joan zen donostiarra. Jasandako kolpeen ondorioz, bi aste daramatza koma egoeran.
Senideek eta lagunek zabaldutako oharraren arabera, Orgullo Numantino, Guetto 28 eta Ligallo izan ziren erasoa egin zutenak, Soria, Leganes eta Zaragozako talde faxistak, hain justu.
Bide batez, gertatutakoaren harira argipen batzuk eman dituzte. Eraso faxista koordinatua eta antolatua izan zela azpimarratu dute. Seinalatu dute, gorago aipatutako herri eta hiretako faxistak Sorian elkartu zirela erasoa egiteko eta ondoren autobusean alde egin zutela, Espainiako Poliziaren babesarekin.
Ildo beretik, Espainiako Poliziaren eraginkortasun falta salatu dute: "Nola da posible Poliziak ez jakitea faxista hauek egin behar zutena? Nola da posible Espainiako Poliziak lehen aldiz idatzitako aktan erasorik egon ez zela idaztea? Nola da posible Espainiako Poliziaren interbentzio bakarra eraso faxistaz defendatzen ari zirenen kontrakoa izatea?
Azkenik, hedabideek gertakariari emandako tratua salatu eta lotsagarritzat jo dituzte eguna joan eta eguna etorri argitaratutako albisteak. Esaterako, gertakaria “borroka” edo istilu gisa argitaratu izana arbuiatu dute.