argia.eus
INPRIMATU
Soriako behitegi erraldoiaren aurkako ehun abeltzainen sinadurak eman dizkio EHNEk foru gobernuari
  • “Esta Granja No es la Leche” kanpainari segida emanez EHNEk Nafarroako esne alorreko ehun abeltzainen sinadurak helarazi dizkio ostegun honetan Nafarroako Gobernuari.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 30a
EHNEk sinadura bilketaren emaitzak eman dizkio Nafarroako Gobernuari. (Arg.: Ser / Mamen Garcia)

Abeltzainek garbi utzi dute Nafarroako Valle de Odieta kooperatibak Sorian sortu nahi duen makro ukuiluaren aurka daudela. Sinadurak helaraztearekin batera, EHNEk Landa Garapen, Ingurugiro eta Tokiko Administrazio sailari proiektu honen aurkako jarrera garbia azal dezan eskatu dio. 

Soriako Noviercas herrian eraiki nahi den esne industriaren aurkako jarrera garbia helarazi dio sindikatuak Nafarroako Gobernuari. Sindikatuak gogora ekarri du horrelako industria bat sortuz gero Nafarroan esnea ekoizten duten 168 familien lanak ezingo duela aurrera jarraitu: “Lanpostu finko horiek galtzearekin batera gainera, Nafarroako landa garapenak kalte larriak jasango ditu. Baserri hauetako gehienak mendialdean daude eta eurak dira herrialdeko lurralde oreka mantentzen dutenak”.

Horregatik guztiagatik, EHNEk horrelako proiektuak geldiarazi, esne ekoizpenaren gaineko kontrolak berrezarri eta ustiategien tamainen gaineko mugak jartzeko arautegiak garatzen hasteko beharra adierazi du.

Ostiral honetan Nafarroako Legebiltzarrean nekazaritzako batzordean parte hartuko du EHNEk eta bertan eskatuko du “nekazaritza eredu familiarraren aldeko apustu garbia lehenbailehen egitea”.

Larunbatean Elizondon “Esne sektorea ere bizirik behar dugu” lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu du sindikatuak. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Elizondoko plazatik.