Caparrosoko Valle de Odieta kooperatibak 20.000 behi jarri nahi ditu Sorian (Espainia), eta urtean 180 milioi litro esne ekoizteko asmoa du. Aho batez onartu du Nafarroako Parlamentuak proiektuaren kontrako adierazpena.
Sorian (Espainia), 20.000 abere buru izanen lituzkeen behitegia eraikitzearen aurka azaldu da Nafarroako Parlamentua. Aho batez, gainera, talde guztiek jo dute Valle de Odieta kooperatibak eraiki nahi duen ekoizpen handiko behitegiaren kontra, "abeltzain txikien kalterako" baita, lurrarentzat ez delako "sostengarria" eta "inbertsore handien neurrira" pentsatua delako. Hori esan du Ahal Dugu taldeko Parlamentari Carlos Cousok.
Nafarroa osoko ganaduetan, orotara, 25.000 behi daudela oroitarazi du legebiltzarrak eta, beraz, makro esplotazioak bertako errealitateari "kalte" eginen lioke.
Noviercasen eraiki nahi dute, 166 laguneko herri batean, eta Europako handiena izatea dute xede. 95 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du kooperatibak.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.