argia.eus
INPRIMATU
Soriako behi biltegi erraldoiak 726 lanpostu desagerraraziko dituela salatu du EHNEk
  • Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) Noviercasen Europako esnetegirik handiena eraikitzeko proiektuaren aurkako jarrera adierazi du komunikatu batean. Gizarteratze kanpaina bat martxan jarri du,  #Noviercas: #EstaGranjaNoeslaLeche lemapean. “Esnearen munstroak” baserri txikiak arriskuan jarriko dituela eta bertako ekonomian zein ingurugiroan kalteak eragingo dituela azaldu du.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 13a

Proiektuaren bultzatzailea Valle de Odieta kooperatiba nafarra da eta behitegia Euskal Herritik 200 km baino gutxiagoko distantziara egongo da. EHNE tokira gerturatu da behitegi erraldoi honek ekarriko lituzkeen kalteak ezagutzeko. Kaltetuenak familia ereduko ustiategi txikiak izango direla azaldu du; hots, Nafarroako, EAEko zien kantauriar isurialdeko baserriak, 20.000 esne behiko industriaren aurka ezer gutxi egin ahal izango dute eta.

COAGeko eta Amigos de la Tierra elkarteko teknikariek industria erraldoi baten eraikuntzak bertako ekonomian sortuko dituen eraginak aztertu dituzte. Datuak kezkatzeko modukoak dira: 100 milioi euroko kostua izango du eta urtean 179.740.000 litro esne ekoizteko gaitasuna izango du, inguruko 432 ustiategiren produkzioa (Gaztela Leonen daudenen herena); alegia, 726 lanpostu desagerraraziko ditu.

Lurrari eragingo dizkion kalteak ere ez dira gutxi. Egunean bost milioi litro ur inguru erabiliko ditu, Soria hiriburuko biztanleek kontsumitzen dutena baino gehiago, eta urtean 368.000 tona zabor organiko sortuko du, Gaztela Leongo biztanleria osoak sortzen duena baino gehiago.

Datozen asteotan COAGek Espainiako Kongresuko alderdi politikoekin bilera erronda egingo du eta EHNE proiektuarekin lotura duten gobernuekin bilduko da, gaia jorratzeko. Bilera hauen bitartez behitegi erraldoiaren aurkako jarrera erakutsiko dute, eragin ditzakeen kalteak azalduko dituzte eta gisa honetako proiektuak bertan behera uzteko legeak bultzatzeko eskatuko dute. Kanpaina Europako Legebiltzarrera ere eramango dute.