Iritsi da ikasturtea amaierara. Amantalak etxera eraman, udako ordutegiarekin hasi, lan ostean hondartzan azken eguzki izpiak aprobetxatu, jaiez jai ibiltzeko kronogramak egin, eta Irutxuloko Hitzaren ikasturteko azken kolaborazioa idatzi. Bai, gu ere iritsi gara amaierara.
Jaietan murgilduta dago dagoeneko hiria, astekari hau begiratu besterik ez dago txupina zein auzotan jaurti duten jakiteko eta gu ere desiratzen gaude plazetan zuekin bat egiteko. Kresal usainez zipriztindutako zuritotan blaitu, txosnako barra ertzak barrez lehertu, kontzertuetako lehen hilaran lotsarik gabe gerriak astindu, oholtza gainak bete, aske ligatu, gozatu. Badago zer egin, izan ere, uztailean sartu orduko astebururo daude auzo bateko edo besteko jaiak.
Data hauetan, urteroko jai maratoiaren aurretik, beti esaten dugu gure kolektibo eta inguru feministetan aurten festak gozatu egingo ditugula, plazerez lehertuko garela, inork eta ezerk ez digula galaraziko jaietan nahieran gozatzea. Horixe da urteroko errituala, baina erraza izaten da kopetak belztea: festa giroko eraso jarraituak, espazioaren inbasioak, protagonismorik ezak, etxerako bide deserosoak, jai esparru arrotzak. Eskerrak sorginak garen eta sortzea eta gozatzea den gure hautua: historikoki gureak izan ez diren espazioak okupatuz, festa propioak sortuz, gorputz eta identitate ez normatiboak lehen lerroan jarriz eta sexu aniztasuna gozamenez irudikatuz.
Sorginok ekainaren bukaerarekin batera su festan hasi ginen sorginkeriak sortzen, pilatzen, udara guztirako akelarreak antolatzen. Badakigulako suaz plazerra egiten, baina garrak ateratzen ere aspaldi ikasi genuen. Urteak daramatzagu auzo eta hiriko jaietan amorru eta haserre aurpegiz esnatzen; egun batean gozamenez jositako parranda izan zena, eraso baten itzalak uzten duen ondorenarekin hasten, eta nazkatuta gaude.
Udararen ostean egingo ditugu balorazioak, kontatuko ditugu erasoak, eramango ditugu beste behin eskuak burura. Aterako gara pankarta atzera eta erakundeetatik azpimarratuko dute nola erasook belztu duten Aste Nagusia edo hango edo hemengo jai gunea. Sorginak asko gara eta asko egiten dugu, baina putz egiteko aho gehiago behar ditugu Donostia osoan sortutako suak itzaltzeko. Nork bere ardurak hartu beharko ditu. Konplizitateekin hautsi behar dugu, ondokoari kontuak eskatu, autodefentsa feministarekin erantzun, saretu, eta denaren gainetik, nahieran gozatzeko moduko espazioak sortu. Sorginak gara, asko eta anitzak, baina ez gaude zuen patriarkakak erratzarekin jasotzen ibiltzeko prest. Animo asko bidelagun guztiei!