Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.
D&S desokupazio-enpresa Andoainen (Gipuzkoa) pertsona bat etxegabetzen ahalegindu eta hurrengo egunean, Soraluzera (Gipuzkoa) bertaratu ziren Desokupacyl enpresa parapolizialeko bi desokupa, etxejabe batek deituta. Horren berri izatean, mobilizatzera eta desokupazio-enpresari aurre egitera deitu zuen Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta jende ugari bertaratu zen horretarako asmoz. Ordurako, etxe-kaleratzea burututa zegoen jadanik, baina faxistak handik botatzea lortu zuen mobilizazioak: Ertzaintzak babestuta egin behar izan zuten alde faxistek, bideoetan ikusten denez.
Ekainaren 5ean izan zen hori, eta desokupei aurre egitera bertaratutako bi pertsona identifikatu zituen unean Poliziak. Orain helarazi diote jakinarazpen judizial bat haietako bati, salaketa bat tarteko, eta Eibarko (Gipuzkoa) epaitegian deklaratu beharko du urtarrilaren 29an. "Atentatua" eta "desobedientzia larria" leporatzen dizkiote. Deklaratzera deitutako soraluzetarrari babesa emateko eta desokupazio-enpresei ezetz esateko, protesta bat antolatu dute bezperarako, urtarrilaren 28rako: Soraluzen bertan egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan.
Protestaren deitzaileek azaldu dute "arriskutsua eta kezkagarria" dela desokupazio-enpresen presentzia, "are gehiago indar polizialekin lankidetzan", eta ohartarazi dute "gero eta ohikoagoa" dela etxejabeek halako talde parapolizialak kontratatzea "egoera zaurgarrian dauden edo beste baliabiderik ez duten pertsonak kaleratzeko". "Ezin dugu onartu horrelako jarreradun jendeak, taktika mafiosoak eta gorrotoaren diskurtsoa erabiliz, etxebizitza faltaren arazoa baliatu dezan", gaineratu dute.