argia.eus
INPRIMATU
Soraluzeko hilketa matxista salatzeko, Euskal Herriko balkoietan kazeroladak deitu dituzte
  • Astelehen goizaldean emakume bat hil zuten Soraluzen, eta honen semea atxilotu dute gertakariarekin loturan. Hilketa gaitzesteko kazeroladak deitu ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 17a
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Getxon (Argazkia: Ecuador Etxea)

Astelehenean jakinarazi zen Ertzaintzak 74 urteko emakume bat aurkitu zuela hilik, Soraluzeko etxebizitza batean. Hilketarekin zerikusia duelakoan, haren 33 urteko semea atxilotu zuten ertzainek. Efe agentziak publiko egindako informazioaren arabera, atxilotua udaltzaina da Elorrion.

Euskal Herrian aurten indarkeria matxistak hildako hirugarren kasutzat jo du Soraluzekoa Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Hori horrela, deialdiak egin ditu hilketa gaitzesteko. Astelehenean Soraluzeko balkoi eta leihoetan kazerolada egin zuten protesta gisa:

 Asteartean Euskal Herri mailan deitu dira balkoi eta leihoetako kazeroladak.

Koronabirusak larriagotutako zaintza krisiaren aurrean mahai teknikoa eratzeko asmoaren berri emanez mugimendu feministak astelehenean egindako agerraldian, ohartarazi zuten berrogeialdian indarkeria matxista kasuak larriagotu egin daitezkeela. Izan ere, indarkeria pairatzen duten emakume askok beren erasotzaileekin egin beharko duelako itxialdia. Horixe bera azpimarratu du Oneka euskal emakume pentsiodunen plataformak, eta ondokoa gehitu: emakumea eta adinekoa izatea indarkeria matxista pairatzeko “goi mailako faktorea” dela.