argia.eus
INPRIMATU
Sopelako United Caps enpresako langileek akordioa lortu dute greban 65 egun eman ondoren
  • ELA sindikatuak akordioa lortu du United Caps enpresaren zuzendaritzagaz. Hala, enpresaren leku-aldatzea bidegabea dela onartu da; ondorioz, langileek ohikoak baino konpentsazio handiagoak jasoko dituzte lekualdaketa edo kaleratze-indemnizazioengatik.

Hiruka .eus 2021eko otsailaren 03a
Sopelako United Caps enpresako langileek 65 egun eman dituzte greban. (© SOPELA.NET)

United Caps enpresak plastikozko tapoiak ekoizten ditu Sopelan duen lantegian, baina iazko azaroaren 20an lantegia Llagosterara (Katalunia) mugitzeko asmoa adierazi zuen enpresako zuzendaritzak. Ondorioz, lanpostua galduko zuten 37 langileek greba mugagabea hasi zuten azaroaren 24an.

Orain, 65 egun greban eman ondoren, ELA sindikatuak enpresa-zuzendaritzagaz akordioa lortu du egoitza judizialean. Horren bitartez, lekualdaketa bidegabea dela aitortu dute, eta langileek ohikoak baino kalte-ordain handiagoak jasoko dituzte leku-aldaketa eta kaleratze-bidegabeengatik: batez beste 100 egun lan egindako urte bakoitzeko.

Langileek ELA sindikatuaren babesa lortu zuten enpresak mugitzeko asmoa adierazi zuenean, horien iritziz ez baitzen lekualdaketa bat, "ezkutuko itxiera" baizik. Hori dela eta, bai enpresa-batzordetik, eta baita sindikatutik ere, hainbat proposamen egin dizkiote enpresari leku-aldaketa saihesteko, baina multinazionalak ez ditu onartu.

ELAk euskal erakundeen pasibotasuna ere kritikatu du, eta langileak babesik gabe utzi dituztela leporatu die. Lan-ikuskaritzaren jokabidea ere salatu du sindikatuak; izan ere, grebarako eskubidea urratu dela egiaztatu arren, greba-batzordeak salaketak aurkeztu zituenetik ia bi hilabete igaro ondoren, ez du ebazpenik atera, eta horrek gatazka beharrik gabe luzatzea eragin duela deitoratu du sindikatuak.