argia.eus
INPRIMATU
Sopelako Mec Mec pizzeriaren leihoak apurtu dituzte bertako “esplotazioa” salatzeko
  • Zapatu goizaldean, hilaren 14an, ezezagunek Sopelako Mec Mec pizzeriako leiho danak apurtu zituzten. Erasoa ohar baten bidez aldarrikatu dute hainbat ezezagunek. Hirukari helarazitako mezuan ekintza bere gain hartu eta joan den astelehenean enpresa horretako langilea "sistema kapitalistak eragindako prekarietatearen ondorioz" hil zela salatu dute.

Hiruka .eus 2017ko urtarrilaren 17a
Sindikatuek elkarretaratzea egin zuten barikuan, lan-istripua salatzeko.

Erasoa joan den zapatu goizaldean izan zen, Sopelako Mec Mec pizzerian. Hainbat ezezagunek lokalaren leihoak hautsi zituzten, bertako langile gazte bat lan-istripu baten ondorioz hil zela aldarrikatu guran: "Ez ditugu eraso hauek onartuko. Langile bati dagokiona, langileria guztiari dagokio; beraz, langile gazte bat erailtzen badute, langile gazte guztioi dagokigu erantzun irmo bat ematea".

Aldarrikapen mezua:

Pasa den astelehenean Mec Mec Pizzeriako langile bat hil zen, abenduaren 30ean izan zuen lan-istripu batek eragin zizkion zaurien ondorioz. Jakina da langileok, eta bereziki gazte-langileok, sistema kapitalistak eragindako prekarietatea dugula eguneroko errealitatea bakarra. Hala ere, prekarietatea eta sistema kapitalista ez dira kontzeptu abstraktuak: izen eta abizen konkretuak dituzte. Esplotazioa hautu politiko bat da, pertsona batzuk beste batzuengan aplikatzen dutena. Beste modu batera esanda, esplotatzaileak dira esplotazioaren erantzuleak; esplotatzaileak dira gazte langileon bizitzak izerdiz eta odolez betetzen dituztenak.

Gazte eta langile bezala, ez ditugu eraso hauek onartuko. Langile bati dagokiona, langileria guztiari dagokio; beraz, langile gazte bat erailtzen badute, langile gazte guztioi dagokigu erantzun irmo bat ematea. Erailketa baten aurrean edozein erantzun da legitimoa eta beharrezkoa. Kontura daitezela beraien esplotazioaren aurrean gure haserrea eta amorrua egongo direla lehen lerroan.

Beraz, gazteria guztiari dei egiten diogu horrelako erasoen aurrean erantzun dezan. Esan bezala, haserrearen eta amorruaren antolakuntza da esplotazioari aurre egiteko bidea. Bizia kentzen badiguzue, adi ondorioei.

Lan istripu gehiagorik ez! Gazte langileria aurrera!

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra