argia.eus
INPRIMATU
Solidarioak eta beharrezkoak
  • Gutxitan nabarmentzen dira hedabideetan migratzaileen jarrera solidarioa erakusten duten albiste positiboak, joan den astean Bilbon gertaturikoa bezalakoak. 72 urteko gizonezko bat Ibaizabalera erori zen eta lau pertsonak salto egin zuten salbatzeko. Horietako hiru afrikar migratzaileak ziren.

Juan Mari Arregi 2021eko ekainaren 24a
Mohamed Diouf migratzaile senegaldarrak Ibaizabaletik atera zuen 72 urteko gizonezkoa, beste hainbaten laguntzaz.

Euskal Herrira goseak, gerrak edo jazarpenak bultzatuta iristen diren migratzaileak, borrokekin, droga trafikoarekin edo lapurretekin nahasi ohi dituzte sarritan albistegiek; gutxitan nabarmentzen dira haien jarrera solidarioa erakusten duten albiste positiboak, joan den astean Bilbon gertaturikoa bezalakoak. 72 urteko gizonezko bat Ibaizabalera erori zen eta lau pertsonak salto egin zuten salbatzeko. Horietako hiru afrikar migratzaileak ziren.

Gizonezkoa uretara erori zeneko unea.

Gerora jakin dugunez, migratzaile horiek pateretan iritsi ziren hona, beraien bizitza arriskuan jarrita –urtea hasi zenetik paradisuraino iritsi nahian 1.850 migratzaile hil edo desagertu dira itsasoan–. Hain justu errefuxiatuaren nazioarteko egunean gertatu zen aipaturikoa, Hego Euskal Herrian ehunka pertsona elkartu zirenean "Migratzaileak ez daude soberan, arrazistak bai!" eta "Legezko ibilbide seguruak orain!" oihukatuz.

Arrazoi solidarioengatik ez bada, gutxienez ikuspegi berekoi hutsetik interesatu beharko litzaiguke milaka migratzaile horiei harrera duin bat egitea, bizikidetzari begira ez ezik, gure etorkizun ekonomiko eta sozialaren oinarria baitira

Migratzaileek denok ditugun eskubide berak dituzte, eta gure ekonomiaren, gizartearen, ongizatearen eta pentsioen etorkizunaren parte dira. Erakundeak jabetu behar dira eskubide horiek errespetatuz hartu beharko genituzkeela, ghettorik sortu gabe, bizikidetza sustatzeko neurriekin, dela burokrazia erraztuz, dela lan bila ari diren bitartean diru-sarrerak bermatzeko errenta emanez. Zentzu horretan, giza trafikoaren inguruan dabiltzan mafien aurka gogor egitea ezinbestekoa da, migratzaileen ahultasunaz baliatzen baitira “patera pisuetan” sartu eta haien bidez dirua lortzeko –eskulan merke gisa erabiltzen dituzte eta irabazitako sos eskasak lapurtzen dizkiete–.

Arrazoi solidarioengatik ez bada, gutxienez ikuspegi berekoi hutsetik interesatu beharko litzaiguke milaka migratzaile horiei harrera duin bat egitea, bizikidetzari begira ez ezik, gure etorkizun ekonomiko eta sozialaren oinarria baitira.