argia.eus
INPRIMATU
Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan
  • 500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko martxoaren 20a
Baionako manifestazioa, martxoaren 19koa. Argazkia: Sud Ouest

Baionan jarria zuten manifestaziorako hitzordua sindikatuek eta 500 bat lagun batu dira Lan Burtsaren aitzinean. Soldaten emendioaren aldarria entzunarazteko greba egunak jarraipen handirik ukan ez arren, sindikatu guztiak batu izanaren gainean jarri dute arreta antolatzaileek. Hain zuzen, intersindikalak deitua zuen grebara: CFDT, CGT, FO CFE-CGC, FA, FO, FSU, Solidaires eta Unsa sindikatuek –baita LAB ere, Ipar Euskal Herrirako–. Oro har, hezkuntzan sentitu da gehienbat mobilizazioa.

"Betiko baldintzetan, geroz eta gehiago egin beharra" deitoratu dute funtzionarioek Baionako protestatik. Inflazioaren testuingurua kontuan harturik, soldaten emendioarena urgentziazko gaia dela argitu nahi izan dute bukaerako hitzartzean. Gainera, murrizketa gehiagoren berri eman zuen Frantziako Gobernuak otsailaren 18an: 10.000 milioi euro gutiago jarriko ditu 2024rako aurreikusitako estatuaren aurrekontuan. Horrek 20.000 funtzionario postu desagerraraziko dituela kalkulatu berri du Gure Zerbitzu Publikoaren Alde kolektiboak.

Sektore publikoaren erreforma bidean

2024ko bigarren seihilekoan aurkeztekoa du sektore publikorako erreforma Frantziako Gobernuak. Harturiko norabideak kezka eragiten die sindikatuei, enpresa pribatuetako eredua zerbitzu publikoan txertatzeko arriskua ikusten diotelako. Besteak beste, urtero egingo liratekeen negoziazioak aipatu ditu Funtzio Publikorako ministro Stanislas Guerinik, bide horretatik funtzionario bakoitzaren "meritua" eta "indarra" kontuan hartzeko. Merituaren araberako soldata proposamen horren aurka dira sindikatuak. Jakin behar da, soldataren parte handi bat dutela jadanik primen bidez jasotzen, eta hori ez zaiela kontuan hartua erretretarako kalkuluetan. Erreformaren idazketa aitzinatu arau, soldaten indibidualizazio horren aurkako mobilizazioak errepikatuko dituzte, karrikatik zein negoziazio mahaitik.