argia.eus
INPRIMATU
Soldataren %5 itzultzeko eskatzeko lanuzteak EITBn
  • Langileek eskatu diete zuzendaritzari eta Jaurlaritzari itzul diezaietela soldatatik kendu zieten %5.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 31
Astelehenean elkarretaratzea egin zuten Bilboko EITBren egoitzan, administrazio kontseiluko bilera egiten ari zirela-eta. Argazkia: LAB EITB

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoetako langileei %5eko soldata jaitsiera ezarri zien Patxi Lopezen Jaurlaritzak 2010. urtetik aurrera, Espainiako Gobernuaren dekretu bat erabilita. Dekretu horrek, ordea, funtzionarioei eragiten zien, ez enpresa publikoei.

Ondorioz, EITBko enpresa publiko guztiek –Eusko Irratiak, EITBnet, EITB Erakundea, ETB– salaketa jarri zuten Bilboko auzitegian. Bilboko auzitegiak Eusko Jaurlaritzaren aldeko erabakia hartu zuen.

Bi salaketa jarri zituzten Espainiako Auzitegi Gorenean; bata, EITBk eta Eusko Irratiak; bestea, ETB Erakundeak, Patxi Lopezek hartutako erabakia Konstituzioaren aurkako erabakia zela argudiatuta.

Gorenak eskatu zion Espainiako Konstituzio Auzitegiari azter zezala Eusko Jaurlaritzaren erabakia Konstituzioaren aurkakoa ote zen. Auzitegi horrek adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak gaizki aplikatu zuela dekretua. Erabaki horrek ETBko langileei soilik eragiten die, eta berreskuratu egingo dute 2010etik 2015era galdutako soldata guztia.

Ez, ordea, Eusko Irratiko, EITBneteko eta ETB Erakundeko kideek. Ondorioz, salaketa berriak jarri dituzte, eta ekainaren 6an eta 13an izango dira epaiketak Bilboko auzitegian.

Borondate politikoa eskatu dio LABek Eusko Jaurlaritzari

Andoni Basabe EITBko LABeko arduradunaren ustez, Bilboko auzitegiak Espainiako Konstituzio Auzitegiaren epaia berretsiko du. Ondorioz, 2015eko uztailaren 31tik hona aplikatuko litzateke, eta 2015eko abuztutik aurreragoko soldata soilik berreskuratuko lukete. Basabek borondate politikoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, 2010etik aurrera “lapurtu diguten" diru guztia berreskuratzeko.

Presio modura, hainbat mobilizazio deitu dituzte azken asteetan. Astelehenean elkarretaratzea egin zuten Bilboko EITBren egoitzan, administrazio kontseiluko bilera egiten ari zirela-eta.

Ekainaren 10ean, berriz, lanuzteak egingo dituzte: irratietan eta EITBren webgunean, 8:00etatik 10:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta EITB Erakundean 10:00etatik 12:00etara. Elkarretaratzeak ere egingo dituzte EITBren egoitzen aurrean.

EITBko administrazio kontseiluko bileran eztabaidatu zuten astelehenean gaia. LABek eskatu zuen langile guztiei itzultzeko soldataren zatia, eta ez zezatela jarraitu %5eko murrizketa aplikatzen. Iñigo Iturrate EAJko kideak beste testu bat aurkeztu zuen. Testu horren arabera, administrazio kontseiluak EITBko zuzendaritzari eskatu dio betetzeko epaileen sententziak. LABen proposamena ez zen onartu, bai ordea, EAJrena. Ondorioz, EITBk ez du inolako urratsik emango epaia ezagutu arte.