argia.eus
INPRIMATU
Soldatapeko zaintzako eta garbiketako langileen egoera salatu dute Iruñean, Donostian eta Bilbon
  • Ehunka lagun atera dira larunbatean Zaintza eta garbiketako langileok borrokara lelopean, Itaiak deituta. Guztientzako "kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak" exijitu ditu, eta borrokarako deia zabaldu.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 27a
Donostiako manifestazioa. (Argazkia: Itaia)

Ehunka lagunek zaintza eta garbiketa arloetako langileen egoera salatu dute larunbatean Iruñean, Donostian eta Bilbon, Itaia Emakumeon Antolakuntza Sozialistak deituta. Sektore horretako langileen egoeran administrazio publikoak duen "erantzukizuna" seinalatu du, eta guztientzako "kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak" exijitu.

Zaintza eta garbiketako langileek egunerokotasunean zapalkuntza mota ugari jasaten dituztela salatu du Itaiak: "Gehiegizko lan orduak, soldata baxuak eta lan karga handiak", besteak beste. Gaineratu dute egoera horren aurrean antolatzeko oztopoak dituztela, besteak beste "lan isolatuak" direlako, "greba eskubidea ukatzen" dietelako, komunikabideek ahotsik ematen ez dietelako eta "babes sozial" gutxi dutelako. Azpimarratu dute egoera hori are okerragoa dela emakume migratzaileen kasuan, "egoera oso zaurgarrian" daudelako gizartean.

Horren aurrean, antolatzeko eta borrokara batzeko deia egin du antolakundeak, sektore ezberdinetako emakume langileen klase batasuna oinarri izanda, eta "guztien ongizatea bermatuko duen gizarte bat eraikitzerako bidean".