argia.eus
INPRIMATU
“Soldatak jaisteak ez du inola ere lanposturik sortzen”
  • Michel Husson ekonomista frantziarrak ‘Kapitalismoa 10 ikasgaitan’ liburua argitaratu du. Público egunkariak elkarrizketatu du berriki, eta hona ekarri ditugu adierazpen interesgarrienak.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 09a
"Iparraldeko estatuak hondoratzen badira, hegoaldekoei ere eragingo die, exportazioak baitira haien ekonomiaren oinarria". (Argazkia: publico.es) \"Iparraldeko estatuak hondoratzen badira, hegoaldekoei ere eragingo die, exportazioak baitira haien ekonomiaren oinarria\". (Argazkia: publico.es)

“Kapitalismoa zilegitasuna galtzen ari da, gizateriaren oinarrizko beharrizanei erantzuteko gaitasunik ez duela erakutsi baitu. Izan ere, kapitalismoak ia herrialde guztietan ezberdintasun sozial handiak eragin ditu”.

“Aldi berean, orain arte negozio bide ez ziren zerbitzu publikoak ere merkantzia bihurtu nahi ditu kapitalismoak. Langileak ere merkantziatzat hartzen ditu, eskaintza eta eskariaren legeen arabera aztertuz”.

Irtenbideak langabeziari

“Badira bi irtenbide historian zehar haien eraginkortasuna frogatu dutenak. Batetik, lanorduen murriztea, lana hobeto banatuz. Bestetik, bigarren aukera beharrizan sozial edo ekologikoak dauden esparruetan estatuak lanpostuak sortzea da. Lanerako prest dauden herritarrak badaude, gizartearen ongizatea lortzeko erabili behar da haien lana, nahiz eta ez izan erabakirik errentagarriena. Soldatak jaisteak ez du inola ere lanposturik sortzen. Gezur hutsa da hori. Enpresarien irabaziak handitzen ditu, besterik ez”.

Legeak hautsi, Eurotik atera gabe

“Nire ustetan, Europako legeak betetzeari utzi behar diogu eta murrizketa politika eten. Baina horretarako, ez dut uste Eurotik irtetea beharrezkoa denik. Gainera, Euroa uztea arriskutsua izan daiteke, merkatuei gure txanponarekin espekulatzeko aukera emango baikenieke. Ez nator bat txanpon hori uzteak dena posible egingo duela diotenekin. Lehenengo Europako legeak utzi behar ditugu, eta komeni bada, Euroa uzteko aukera aztertuko dugu beranduago”.

“Hogei bat urtez zorra pilatu dugu mendebaldeko herrialdeek. Ongizate estatua kaltetzen duten murrizketen bitartez ordaindu behar badugu, beste horrenbeste urte beharko ditugu, gutxienez”.