Azaroaren 20ean, 21ean eta 22an egingo dute greba. Gutxienez 40 zerbitzu minimo eskainiko dituzte goizez, eta 25 arratsaldez.
EAEko anbulantzia sektorea lan gatazka batean murgilduta dago. Sindikatuek hiru greba egun ezarri dituzte astelehenetik aurrera, eskatzeko erosteko ahalmenari eutsiko dion soldata igoera bat eta lan-baldintzak Osakidetzako langileekin parekatzea, EITBk jakinarazi duenez. Hauek izan dira grebarekin bat egin duten sindikatuak: ELA, USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK.
La Pau anbulantzia-kooperatibak eta greba batzordeak gutxieneko zerbitzuak ezartzea adostu dute greba egunetan. Kooperatibak adierazi du gutxienez 40 zerbitzu eskainiko dituztela goizez eta 25 arratsaldez, azaroaren 20tik 22ra bitartean. Iragan asteazkenean La Pauk 45 ibilgailuren sabotajea salatu du, eta horrez gain, adierazi du irailean negoziazio prozesua hasi zenetik guztira 132 anbulantzia saboteatu dituztela.
La Pau kooperatibak bere soldata-proposamena eman du: orduko soldata % 21,66 igotzea bost urtetan, eta aldi horretan lanaldia pixkanaka murriztea.
Abenduan ere, greba
Sindikatuek beste greba egun batzuk deitu dituzte abendurako, azarokoez gain. Eusko Jaurlaritzak eta sektoreko patronalak “negoziatzeko benetako borondaterik” ez dutela uste dute, argudiatu baitute bi urte baino gehiago geldirik egon direla hitzarmenaren negoziazioetan. Abenduaren 20an, 21ean eta 22an egingo dute berriro lanuztea.