argia.eus
INPRIMATU
Soldata ez ordaintzeagatik, langile batek hondeatzaile batekin hankaz gora jarri du eraikitzen ari zen hotela Erresuma Batuan
  • Hotela egiteko kontratatutako langile batek hotelaren aurka egin du Liverpoolen (Erresuma Batua), soldata ez ordaintzeagatik. Hotela amaitu berri zuten bi hilabeteko lanen ondoren.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 23a

Bi hilabete zeramatzaten MF Construction enpresa azpikontratatutako langileek Travelodge katearen hotel berria eraikitzen, Liverpoolen (Erresuma Batua). Astelehenean amaitu dituzte lanak, eta langile batek, CNN-k jaso duenez oraindik soldata jaso gabe zenak, hondeatzaile batekin hotelaren harrera erabat txikituta utzi du.

Denetariko iritziak egon dira, ekintzaren alde zein kontra daudenak. Michael Parkinson langileak adierazi du jakitun zela langile horri oraindik ez ziotela ordaindu –berari bai–, eta bazekiela “oso haserre” zegoela; horrela jokatuko zuenik, aldiz, ez zuen espero. Bestalde, beste langile batek, Samuel Whitek, ekintza gaitzetsi du: “Azken ukituak egin eta kaiku horrek bi hilabeteko lana zakarrontzira bota du”.