argia.eus
INPRIMATU
Soldata duinen alde greba egin dute Hendaiako lantegi handienean
  • Enpresak irabazi handiak dituen bitartean, ordainsariak izoztuak dituztela salatu dute Frantzian hotzgailu industrialen ekoizpenean liderra den EPTA France-eko langileek. Azken lau asteetako lanuzteen ondotik, enpresako langileek egun osoko greba eta manifestazio isila egin dute astearte honetan ordainsarien emendatzea aldarrikatzeko.

Antxeta Irratia 2021eko apirilaren 14a

700 bat langilerekin, herriko lantegirik handieneko langileen gehiengoak SMICatik hurbileko soldatak mantentzen dituela oroitarazi dute CGT eta CFDT sindikatuek. Eta bost urtez izoztuak egon ondotik, 2020an hileko ordainsaria 4,25 euro baizik ez zaie emendatu.

Irabazien banaketa desorekatua

Negoziaketa blokatua da une honetan, eta COVID pandemiak eragindako egoera ekonomiko zaila argudiatzen du zuzendaritzak. Langileen arabera, aldiz, lantegia ez da hunkitua izan. Horren seinale, zuzendari nagusiak 2019an 7,5 milioi euro dibidendoetan eskuratu zituen bitartean, 2020an 6,8 milioi euro jaso dituela. "Gizon bakar batek 15 miliun euro hartu ditu bi urtetan, zuzendari nagusia bada ere, Hendaiako 500 langileen aldarrikapenak urtean milioi bakar bat suposatuko luke lan baldintzak duintzeko", azaldu digu Pantxoa Zubiria langileak.

EptaFrance-ek %9 guttiago irabazi du 2019an baino. Baina estatuko laguntzak jaso baditu ere, aurten irabaziak berdin banatu dituzte akzionisten artean.

Bestalde, pandemiak eragindako egoera ekonomikoagatik lan baldintzen hobekuntza errefuxatzen zaien bitartean, Hendaiako ekoizpena Italia eta Turkiako lantegira desbideratu izana leporatu diote Hendaiako zuzendaritzari. Baita greba eguneko ekoizpena hara eraman izana ere.