Gaur, otsailak 22, Gizon eta Emakumeen arteko Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna da. LAB sindikatuak mobilizazioak egin ditu Iruñean eta Bilbon, soldata arrakalarik gabeko hitzarmen duinen alde eta soldata arrakala zerk sortzen duen azaldu du. Jaurlaritzako datuen arabera, EAEn %19,5ekoa da soldata arrakala.
Nola iristen da gizarte bat soldata arrakala mantentzera? LAB sindikatuak azaldu ditu soldata arrakalaren oinarrian dauden egiturazko elementuak: sexuen arabera bereizitako ofizioak daude soldata arrakalaren oinarrian, hau da, sektore feminizatuak eta maskulinizatuak gizarteak "natural" ikustea: "Hori horrela izanik, inori ez zaio arraroa iruditzen gehiago kobratzea autoak egiteagatik pertsonak zaintzeagatik baino. Bizitza eta zaintza egintzat ematen dira, egiten dituen subjektua, emakumeak*, ikusezin bihurtuta". Datu hau eman du sindikatuak: industrian bataz beste %30 gehiago kobratzen dela adinekoen egoitzetan baino.
Soldata arrakala gainditzeko, zera proposatu du LABek: "Kontua ez da emakumeak* sektore maskulinizatuetan sartzea, hori bakarrik ez, baizik eta lan feminizatuek merezi duten balioa eta aintzatespena lortzea, eta, aldi berean, zaintza lanak demokratizatzea, desmerkantilizatzea eta modu bidezkoagoan banatzea".
Egun zaintzaren sektorea hain gutxi ordainduta egoteak "badu erantzule argi bat", seinalatu du LABek: "Pribatizatzen duena eta zaintza negozio bihurtzen duena. Soldata arrakala eta lana sexuaren arabera banatzea eskutik doaz genero diskriminazioak betikotzeko, sistema kapitalistak kontzienteki bultzatu eta iraunarazten ditu".
LABek salatu du "sektore feminizatuetako hitzarmen negoziazioen etengabeko blokeoa: garbiketa, etxez etxeko laguntza, egoitzak baita hitzarmenik ere ez daukaten beste sektore batzuk ere, hala nola, etxeko lanen sektorea. Blokeo hori patronalaren estrategiaren parte da", adierazi du.
Musu truk egiten den etxekoen zaintzan eragiten du, bistan dena, sexuen araberako lan banaketak. Eta honek eragina du lan ordainduko soldata arrakalan. Horrela galdetzen du sindikatuak: "Zergatik gara oraindik emakumeak* kontziliazio neurriak eskatzen ditugunak? Zergatik ditugu emakumeok* lanaldi partzial eta aldi baterako kontratu gehienak?".
Eusko Jaurlaritzak eman dituen datuen arabera, EAEko langile bakoitzeko urteko batez besteko irabazia 29.476,21 eurokoa da. Sexuaren arabera honela dago desorekatuta bataz besteko irabazi hori: 32.529,2 eurokoa da gizonentzat eta 26.197,62 eurokoa emakumeentzat. Beraz, EAEn %19,5eko soldata arrakala dago (6.331,55 euro). Jaurlaritzak azaldu duenez, arrakala %24,4 txikitu da 2016tik.