Hego Euskal Herriak lau gerra bizi izan ditu azkeneko bi mendeetan, eta lauak, termino orokorretan, estatu espainiarraren aurkakoak izan dira. Ipar Euskal Herriak, aitzitik, bi gudu izugarri ezagutu ditu XX. mendean zehar, eta bietan euskaldunek frantziarren bandoan borrokatu zuten. Bakoitzaren historiak bide ezberdinetatik moldatu du gizartearen traza, eta Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoa ulertzeko nahitaez Lehen Mundu Gerran jarri behar da begirada.
Luze eta sakon aztertu du gaia Eneko Bidegainek, eta duela gutxi gogorarazi zigun aurten mende bat beteko dela kalamitate hura amaitu zenetik; nahiz eta ondorioak, bistan dena, pairatzen ditugun oraino. Jakin berri dugu frantziar estatuak soldaduska ezarriko duela berriz, derrigorrezkoa, eta beste behin euskal herritarrak behartuak izango dira zerbitzu militarra eskaintzera. “Zerbitzu nazional unibertsala”. Menderatua, mendez mende, menderatu.
Ehun urte ez dira ezer herri baten historian; baina ze urrun geratu diren “euskaraz baizik ez zakiten haien” garaiak, errepublika frantsesak bere asimilazio makinaria ondo baino hobeto erabili duen seinale.
Macronek gehiengo absolutua dauka nahi duena egiteko. Nahi duena egiteko parlamentuan; karrikan gehiengo horrek zerbaitetarako balio dion ikusteko dago. Frantziarrak beti izan dira onak kalean borrokatzen, demostratu dute azken urteetan ere, eta aurreikusi daiteke gobernuaren erabaki horrek oposizio latza piztuko duela estatu osoan zehar.
Adierazi denaren arabera, hilabetekoa izango da soldadutzan igaro beharreko denbora; 18 urte bete ondoren eta 21 urte kunplitu aitzin eskaini beharko dute. Behin denbora hori dedikatu ondoren, gazte horiek «erreserba» baten parte izatera pasako lirateke, «krisi garaian» haietaz baliatzeko. Berdin-berdina egiten da sardinekin: fresko jaten ez direnak kontserbatan sartzen dira, erreserban, krisi garaietarako.
Frantziar gobernuak kaka zaharra eskaintzen du, eta frantziar oposizioak ber gauza. “Bide herritarra” deituriko sistema proposatu diote Macroni; hots, 10 eta 16 urteko gazteekin “sentsibilizazioa aste bat” egitea. Eskoletan “Republique”aren dotrina ematea, erran nahi baita.
Biek ala biek, gobernuak zein oposizioak, soldadutza frantziar nazioa soldatzeko erabili nahi dute. Ezin dugu baimendu euskal herritar bakar bat ere behartutako soldaduskara joatea, gu guztion aurkako eraso zuzena izango baita. Hego euskal herritarroi beste zeregin bat gehitu zaigu motxilara: Bidasoaren beste aldetik deitzen gaituztenean, joatea.
Badirudi estatu espainiarrean ere soldaduska itzultzea eskatzen duten ahotsak bolumena igotzen ari direla azkenaldian.
Joseba Sarrionandia
Artikulu hau Zuzeu orainkariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.