Servet Turgut, eragile eta hedabide kurduen arabera, soldadu turkiarrek helikopterotik bota zuten bi pertsonetako bat, asteazkenean hil egin da, ANF agentzia kurduak jakinarazi duenez.
Ipar Kurdistan edo Turkiaren menpeko Kurdistanen, irailaren 11n Van probintziako Çatak herrian egindako operazio militarrean atxilotu zituzten 50 urteko Osman Şiban eta 55eko Servet Turgut, biak baserritarrak. Şiban zortzi seme-alabaren aita da, eta Turgut zazpirena zen.
Mesopotamia berri agentziak zabaldu du Osman Şiban-en anaia eta atxiloketen lekuko izan zen Cengiz Şibanen testigantza. Soldaduek Servet Turgut atxilotu zuten lurra lantzen ari zen bitartean, eta bere anaia Osman Şiban berarekin tea hartzen ari zen une horretan. Biak bortxaz helikopteroan sartu eta eraman egin zituzten.
Beren senideek bi egunez ez zituzten inondik inora topatzen, azkenean, Van hiriko Zaintza Berezietako Unitatean zeudela jakin zuten arte. Servet Turgut hil ala bizi zegoen eta Osman Şibanen osasun-egoerak pixkana hobera egin du.
Bigarren pertsona honen begiak odolez eta hematomaz beterik daude oraino. Torturatu egin zituztela salatu du, baina memoria galerak ditu. Rojinfo webgunean bi baserritar hauen egoeraren jarraipena egiten aritu dira frantsesez, eta bertan kontatu dute gerora jakin dela irailaren 11n bertan, atxiloketen egunean, bi atxilotuak sakabanatu eta Şiban ospitale pribatu batera eraman zutela militarrek. Bertan egindako osasun-txostenean jasota geratu da ondorengoa: "Paziente anonimo bat ekarri dute, altuera handi batetik erori ostean. Pazientea entubatua izan da". Horrez gain, txostenak dio begietan hematomak zituela, eta burua, lepoa eta aurpegia puztuta traumatismoagatik. Biktimak odola botaka egin zuela ere jaso zuten, eta azkenean Van-eko ospitalera eraman behar izan zutela, zaintza behar intentsiboetara.
Turgut 20 egunez hil ala bizi egon da ospitalean, eta azkenean, irailaren 30ean hil da.
Turkiako gobernuak ukatu egin du torturatu eta helikopterotik bota zituztenik, eta adierazi du Şiban eta Turgut atxilotu aurretik ere osasun egoera txarrean zeudela. Aurretik aipatu dugun Osman-en anaia Cengiz Şiban-ek gogor egin die aurre adierazpen horiei, esanaz, bere anaia eta Turgut osasun egoera onean zeudela pistolak buruan helikopteroan sartu zituztenean.
"Gobernuak boterea zapalkuntzaren bidez soilik eutsi dezake. Horrela guztiok belaunikarazi nahi gintuzkete. Baina ez gara makurtuko, ez gara krudeltasunaren aurrean sekula makurtuko. Politikoki eta legalki aurre egingo diegu, jakin bezate gobernari jaunak eta gobernuak. Argi eta garbi esango dut: ez gara gobernuari errukia edo ulerkortasuna eskatzen ari. Gizarte osoa jarriko dugu zutik herritarrei ile bakar bat ere ez diotela ukituko ziurtatzeko", adierazi du medikua ere baden HDP alderdiko diputatu Saruhan Oluç-ek.
"Kurduak basakeriaz tratatzen dituzten era guztietako polizia eta militarrak saritu egiten dituzte Turkian. Herrialde honetan kurduok eskubiderik ez bagenu bezala jokatzen dute ; kurduok herritar ez bagina bezala. Prentsaurreko hau egitea ere debekatu nahi izan digute. Kazetariak bertan egotea debekatuta dute, gure ordezkarietako bakarrak graba dezake. Zergatik? Gobernua erabateko despota bilakatu delako", salatu du.