argia.eus
INPRIMATU
Sold Out
  • Donostiako Gros auzoan ekimen ederra abiatu zuten orain bi urte: Marruma Kulturalak. Izen bereko elkartean antolatzen dira –hitzaldi eta abarrez gain– kontzertu elkarrizketatuak hileko azken igandean. Saioak akustikoak dira eta zuzenean entzun dezakezu artista, bitartekaririk gabe. Grabatu egiten dira gainera, eta egun gutxitara podcast formatuan sareratzen dute, elkarrizketa eta guzti. Hilabeteko hirugarren igandea den arren, salbuespen ederra eman digu Erik Berganza Abereh-k.

Xalba Ramirez @xalbaram 2019ko urriaren 29a
Argazkia: Xalba Ramirez

Gertutasunak kantuez eta artistaz gozatzeko aukera ematen du. Distortsio eta frenetikotasunetik intimitatera jauzia zergatik eta zertarako eman duen entzutea kantuak bezain interesgarri egiten da. Izan ere, Berganza balmasedarrak hardcorearekin lotutako ibilbide gozoa du bizkarrean; Estricalla, Hartzak Blues Band, Odolaz Blai edo Hil Aiari taldeetan aritu da militatzen.

Kantu geldoak dira, konplexutasun harmoniko gehiegirik gabeak eta soilak konponketetan. Atmosfera sortzea bilatzen duela dirudi, letrak melodietara moldatuz eta zatikatuz, arnasa hartzeko denbora hartuz, behar denean. Eta ez da tonutik aterako. Lasai aurkeztu ditu bere zazpi kantuak, denbora eskainiz gitarrari eta ahotsari, gora eginez behar denetan, baina sobera apurtu gabe.

Britainiar tradizioan, akademian hitz egiten eta aurkezpenak pulamentuz egiten erakusten omen dute. Euskaldunoi ez, antza. Eta saio hauetan artista gehienak aritzen dira barkamenak eskatzen zaleei, ez dakitelako zer erantzun edo ohituta ez daudelako edo lotsa dutelako. Baina artistak konplizitate beroa sortzen du kantuekin bezain beste bere erantzun eta gogoetekin. Eta horri esker irri bat baino gehiago ikusten da Marruma Kulturaletan, saio guztiak berezi bihurtuz.

Berganzak bere kantu borobilenak aukeratu ditu saiorako eta goxo eta pentsakor jarri gaitu: “Zaila da azaltzea zergatik, baina bai, sarri mintzen dut”. Letra ilunak “iraganari begira gehienak”, baina ez bereziki ezkorrak. Berak ere aitortu du batzuetan ez dakiela zergatik idazten dituen horrelakoak. Eta adi honi, izan ere, ez dago beti plan bat kantuak sortzeko. Kantuak askotan iritsi egiten dira, eta “ez duzu zertan ados egon zure kantuekin”, lagun handi batek zioen bezala.

 

 

 

Argazkia: Xalba Ramirez

 

 

 

David Bazan-en Options kantuarekin gogoratu naiz Akordatzen jo duenean, eta sorpresaz jarraian bere Strange Negotiations itzela eskaini digu –neronek iratzargailu izan dut kantua, eta oraindik ez nau aspertzen–. Eta bai, gitarrak Eddie Vedder-en antzera eta melodiak Bazanen antzera josten ditu, arimaz beteta.

Saio intimo eta txalogarria izan den arren, hogei lagun baino gehiago ezin zenbatu elkartean. Duela aste batzuk, Physis Versus Nomos-en kontzertua izan genuen Donostiako Kafe Antzokian, eta lagun bat baino gehiago ibili zen galdezka, “aurre salmentarik ez al dago? Baina sarrerarik gabe ez gara geratuko ezta?”. Ezin harridurari eutsi. Nola espero dezake inork horrelakorik gurea bezalakoa den talde txiki batengatik? Erantzuna ez da horren zaila.

Kontzertu asko antolatzen diren arren, gutxi dira hedabideetan eta sare sozial digitaletan partekatzen direnak, eta nekatu arte partekatu ere –eskerrak storie-ek 24 ordu irauten duten soilik–. Eta ikusten ditugunak beti dira La Polla Recordsekoak bi aldiz betetzen BEC-a, eta Berri Txarrakek bi aldiz Navarra Arena eta Gatibuk hau eta Hertzainakek bestea. Euskal Herriko eszena ordea askoz ere handiagoa da. Sold out kartela jartzea salbuespena izateari uzteko, kontzertu gehiagotara joan beharko genuke.