argia.eus
INPRIMATU
Sokatirako euskal selekzioak urrezko domina lortu du Munduko Txapelketan
  • Suedian jokatutako txapelketan lortu dute domina, lur gaineko 580 kilogramoko proban lehiatuta. Sokatirako taldeak 2014an lortu zuen ofizialtasuna.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 12a
Sokatirako euskal selekzioa, Suedian urrezko domina irabazi berritan. [Argazkia: @erenho9]

Ofizialtasuna lortu eta bi urtera iritsi da Euskal Herriko sokatira selekzioak Munduko Txapelketa batean lortutako lehen urrezko domina. Suediako Malmö hirian jokatutako lur gaineko txapelketan irabazi dute, 580 kilogramoko kategorian. Bigarren geratu da 500 kiloko pisuan lehiatu den emakumezkoen taldea.

Eusko Jaurlaritzak “poza eta harrotasuna” adierazi ditu agiri baten bidez, eta oroitarazi du “ikurriña eta euskal ereserkia lehen aldiz izan direla protagonista Munduko Txapelketa batean”. Horrez gain, garaipenak “kirol guztietan ofizialtasunaren alde lan egiteko” balio dezakeela uste du.

Euskal Selekzioak 2014ko udan lortu zuen ofizialtasuna, Sokatirako Federazio Internazionalak Herri Kirolen Euskal Federazioa onartu eta gero. Urte berean egin zuen debuta, Wisconsingo (AEB) Munduko Txapelketan. Brontzezko bi medaila lortu zituen bertan.