argia.eus
INPRIMATU
Soilik euskaldunen laurdenek egiten dute hobeto euskaraz erdaraz baino
  • Azken 30 urteetan ezagutzak gora egin du Hegoaldean, eta Iparraldeko galera doitzen hasi da. Ezagutzak gora egin arren, euskaldunen hizkuntza-gaitasuna murriztu egin da.

Gedar @GedarLangileKZ 2023ko abenduaren 05

Bost urtean behin, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen duten Hiruko Itunak Euskal Herriko inkesta soziolinguistiko bat egiten du. 2021ean egin zen azkenekoz, eta emaitzak aurten kaleratu dituzte.

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, 16 urtetik gorako biztanleen %36,2 dira euskaldunak, %18,6 euskaldun hartzaileak eta %45,3 erdaldunak. Lehendabizikoz inkesta egin zenetik, 1991tik, %12 handitu da euskaldunen kopurua. Lurraldearen arabera, Gipuzkoan bizi direnen erdia baino gehiago (%51,1) euskaldunak dira, Bizkaian herena (%30,6) eta Araban ia laurdena (%22,3). Adinari erreparatuta, euskaldunen ehunekorik handiena 16 eta 24 urte arteko gazteen artean dago: %74,5 euskaldunak dira; 1991n %25 ziren. Aldiz, 65 urtetik gorakoen artean, solik %31,5 dira euskaldunak. Hizkuntza gaitasunaz, erdaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa dutenak %44,3 dira, duela 30 urte baino %6,5 gehiago. Bitartean, euskaraz errazago hitz egiten dutenak %27,4 dira, 1991ean baino %7,2 gutxiago.

Nafarroa Garaian %14,1 dira euskaldunak, %10,6 euskaldun hartzaileak eta %75,3 erdaldunak. 1991tik, euskararen ezagutza dutenen kopurua %10,6 puntu handitu da. Urte horretan, euskaldunen hartzaileekiko proportzioa bikoitza zen, eta egun, %60 euskaldunak dira eta %40 hartzaileak. Adin tarteei begiratuta, euskaraz dakitenen adin-tarterik handiena 16-24 urteko gazteena da, %40k baitakite. Aldiz, 65 urtetik gorakoen %15,7 baino ez dira gai euskaraz egiteko. 1986ko Euskararen Legean zehazturiko eremuen arabera, eremu euskalduneko biztanleen %76k badakite euskaraz, egungo eremu mistoan %24,1 dira, eta eremu ez-euskaldunean %9,1. Inkestako datuen arabera, euskaldunak direnen artean, %51,6 erdal elebidunak dira, hau da, hobeto egiten dute erdaraz euskaraz baino. Bietan berdintsu egiten dute %28k, eta soilik %20,4k egiten dute hobeki edo errazago euskaraz. Inkestaren lehen urtean, erdal elebidunak %32,8 ziren eta euskal elebidunak, berriz, %40,6.

Ipar Euskal Herrian euskaldunak %20,1 dira biztanle guztiekiko, %9,4 hartzaileak eta %70,5 erdaldunak. 2011ko emaitzekin alderatuz gero, hizkuntzaren ezagutza dutenen kopurua %1,2 jaitsi da, aurreko urteetako beherakadari jarraiki, baina lausotuta. Adinekoen (+65) artean dira euskaldun gehien, %25,7 baitira; gazteenen artean (16-24 urte), proportzioa %21,5ekoa da, eta %3,9 handitu da 2011az geroztik. Herrialdeei dagokienez, Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanleriaren ia erdia da euskalduna, eta BAM eremua (Baiona-Miarritze-Angelu) kontuan hartu gabe, euskaldunak %23 dira Lapurdin. BAM eremuaren kasuan, %8,4k baino ez dakite euskaraz. Iparraldeko euskaldunen artean, euskaraz erdaraz baino hobe moldatzen direnen kopuruak behera egiten jarraitzen du, nahiz eta 16-24 urte artean indarberritzen hasi den.