argia.eus
INPRIMATU
‘Soilik baietz da baietz’ legearen erreforma aldebakarrez aurkeztu du PSOEk
  • Astelehenean erregistratu du PSOEk Espainiako Kongresuan, Unidas Podemosekin akordiorik lortu gabe. Irene Montero Berdintasun ministroak dio prest daudela PSOEren baldintzak onartzeko, baina onespenaren puntua ezin dela ukitu. Gobernu koalizioan tentsioak areagotu ditu auziak.

Leire Artola Arin 2023ko otsailaren 06a

Gatazka ugari piztu ditu Soilik baietz da baietz izenez ezaguna den legearen erreformak, Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Espainiako Lege Organikoarenak. Azken erreformaren ostean, sexu erasoengatik espetxeratuta zeuden preso batzuen kondena murriztu dute zenbait epailek. Hori lehengoratzeko asmoz ari dira beste erreforma hau egiten. Astelehenean PSOEk kongresuan erregistratu du.

Pasa den asterako zegoen iragarrita, baina Espainiako gobernu koalizioko desadostasunak tarteko, aste honetara atzeratu dute. Unidas Podemosekin akordioa lortzea espero zuen PSOEk, baina asteburuan izandako negoziazioek ez dute emaitzarik izan: alde bakarrez aurkeztuko du PSOEk. Espainiako Berdintasun ministro Irene Monterok igandean Madrilen egindako ekitaldi batean argi utzi du prest daudela PSOEren baldintzak onartzeko, baina legearen muina negoziaezina dela azpimarratu du: “Onespena ezin da ukitu”.

Denak dira erasoak, onespenik ezean

Onespenaren puntuan katramilatu dira negoziazioak. UPk PSOEri leporatu dio “eskuinaren presioetan” jausten ari direla, eta horren arabera ondu dutela erreforma. Lehen, Zigor Kodean bi zigor mota zeuden kasu hauetarako: indarkeria edo larderia baldin bazegoen erasoa zen, eta halakorik ez bazegoen abusua zen. Onespena kontuan izanda legea erreformatu zutenetik ez da bereizketarik egiten, denak dira erasoak, eta erasoaren nolakotasunaren arabera astungarriak daude. Hainbat presok erreforma baliatu eta euren zigorrak murriztea eskatu dute epaitegietan.

Esaterako, astelehenean jakinarazi dute ukatu egin duela Nafarroako Probintzia Auzitegiak Ángel Bozaren zigorra murriztea. 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik 15 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, eta errekurtsoa ezarri zuen Soilik baietz da baietz legea moldatu ostean. Ez diote eskaera onartu.

Orain, Justizia ministro Pilar Llopen esanetan, ezinbestekoa da “indarkeria eta larderia” txertatzea legean, epaileek zigor handiagoak jar ditzaten berriro. Ordea, UPk hasieratik defendatu du arazoa ez dela legearen edukia, baizik eta haren interpretazioa: “Demokrazia sisteman, legeak gehiengoak egiten ditu, eta epaileek aplikatu egiten dituzte, ez dituzte desitxuratzen”, berretsi du Eskubide Sozialen ministro eta Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarrak, igandeko ekitaldian. Gobernu koalizioaren barruan tentsioak nabarmen handitu ditu auzi honek.