argia.eus
INPRIMATU
Softcatalà, 26 urte katalana teknologia berrietan sustatzen
  • Belén Ivars Softcatalà-ko kideak, katalana Interneten eta teknologia berrietan sustatzeko lanean ari den irabazi asmorik gabe elkartearen jardunaren berri emango du urriaren 17an Donostiako San Telmo museoan egingo den Euskarabildua jardunaldian.

iametza 2024ko urriaren 11

Softcatalà katalana Interneten eta teknologia berrietan sustatzeko lanean ari den irabazi asmorik gabeko elkartea da. Dagoeneko 26 urte bete ditu. Bertako kide den Belén Ivars-ek elkartea nola eta zergatik hasi zen kontatuko digu. Besteak beste, azalduko digu zein zen jarduera bere hastapenetan, eta nola egokitu den, urteetan zehar, garai eta behar berrietara. Tresna arrakastatsuenen errepasoa egingo du, baita ere. Halaber, erakundearen barne-antolaketa eta -funtzionamendua zein den eta etorkizunari begira zein erronkari heldu nahi dioten ere partekatuko du.

Ivars formazioz fisioterapeuta da. Horretan aritu zen lanean 10  urtez, baina 2017tik 2019ra bere herriko Udalean, Benissan (Alacant)  zinegotzi bezala aritu zen. Esperientzia horrek bere bizitza aldatu zuela aitortzen du, bere baitan zeuden bestelako trebetasunak aurkitu  baitzituen. Horrek eraman zuen lanean birziklatzera, teknologiaren eremuan autodidakta gisa ikasiz eta komunikazioan eta estrategian  arituz. Idaztea beti asko gustatu izan zaiola aitortzen du, bloga dauka (‘Els borrellons del melic’), baita feminismoari buruzko Youtubeko kanal bat ere (‘Berlem, feminisme de poble’). 2020az geroztik Softcatalà elkarteko kidea da. Bertan teknologiarekiko bere zaletasuna garatzeko esparrua aurkitu du.

Zer da Euskarabildua?

Euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.

Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen dituzte 2012az geroztik jardunaldiok. Aurten urriaren 17an egingo da San Telmo museoan goizeko 09:00etatik hasita.