argia.eus
INPRIMATU
Snowdeni urtebeterako babesa eman dio Errusiak
  • Edward Snowden CIAko langile ohiari urtebeterako babesa eman dio Errusiak. Hilabete zeraman Moskuko aireportuko iragaite-gunean, babes eskaera onartu zain. AEBetako Gobernuak, sekretuak azaleratzeagatik Snowden jazartzen ari da, eta erabakiaren ostean adierazi du "desengainu handia" hartu duela.

ARGIA @argia 2013ko abuztuaren 02a
Edward Snowden eta Wikileaks-eko Sarah Harrison, Moskuko aireportutik atera diren unean (@mashant)

Duela hilabete baino apur bat gehiago, ekainaren 23an, Snowden Hong Kongetik Moskuko aireportura iritsi zenean, uste zen denbora mugatua emango zuela han, eta CIAko langile ohiaren benetako asmoa zela Ekuadorrera edo Kubara joatea. Gero, ordea, aldi baterako babes eskaera egin zuen Errusian, eta onartu egin diote orain. Denbora hori guztia iragaite-gunean eman du, pasaporte estatubatuarra ukatu ziotelako.

Snowdenek Sarah Harrison Wikileaks-eko kazetari eta legelariak lagunduta utzi du Sheremetyevo aireportua. "Elkarrekin joan dira taxian, sekretuan gordetako leku seguru batera", dio webguneak zabaldutako oharrak.

AEBetako NSA agentziaren espioitza kasuak filtratu dituen CIAko langile ohiari babesa eman izana gogor kritikatu du Etxe Zuriak. Jay Carney bozeramailearen hitzetan, AEBen eta Errusiaren arteko elkarlana oztopatzen duen "gertaera tamalgarria" da. Gaineratu du aurki jarriko direla agintari errusiarrekin harremanetan.