argia.eus
INPRIMATU
Londresek ‘The Guardian’ egunkariari Snowden aferaren datuak suntsitzeko eskatu zion
  • Alan Rusbridger The Guardian egunkariko editoreak gaur argitaratu duenez, Erresuma Batuko Gobernuak eskatu zion Snowden aferarekin lotutako datuak suntsitzeko.

ARGIA @argia 2013ko abuztuaren 20a
Glenn Greenwald eta bere bikotea, David Miranda.

"Duela zenbait hilabete, gobernuko goi-kargudunek nirekin kontaktatu zuten lehen ministroaren ikuspuntua ordezkatzen zutela esanez. Gero bi bilera etorri ziren eta haietan eskatu zidaten suntsitzeko edo entregatzeko lantzen ari ginen material guztia. Esan zidaten: eman Snowdenen materiala edo ezabatu" idatzi du egunkari ingeleseko buruak.

Rusbridgerrek adierazi du Snowdenek utzitako materiala ikertzen jarraituko dutela, baina ez Londrestik, jazarpena ikusirik.

Kazetariaren bikotea atxilotua

Bestetik, Snowden afera argitaratu zuen kazetariak, Glenn Greenwaldek, salatu du Erresuma Batuko gobernuak “larderiatu eta jazarri” egin duela. Greenwalden bikotea, David Miranda, Londresko Heathrow aireportuan atxilotu zuten terrorismoaren aurkako legeak aplikatuz eta bederatzi orduz galdekatu zuten.

Brasildarra da Miranda eta Berlinen egon ostean bere herrialdera itzultzera zihoan poliziak atzeman zuenean. Gainean zeuzkan aparailu teknologiko guztiak kendu zizkioten eta legeak horrelako kasuetarako onartzen duen gehienezko denbora-epea pasa ondoren azalpenik eman gabe utzi zuten aske.

The Guardian egunkarian egiten du lan Greenwaldek. Azken hilabeteetan ezaguna egin da Edward Snowden CIAko agente ohiaren informazioak publiko egiteagatik (AEBetako NSA agentziaren espioitza kasuak agerian geratu ziren horri esker).

Berripaper britainiarreko buruzagiek berehala azalpenak emateko eskatu diote Erresuma Batuko gobernuari. David Cameronek gidatzen duen administrazioak, Barne Ministerioak argitaratutako ohar baten bidez adierazi du poliziaren zeregina dela terrorismoaren kontrako legea aplikatzea.

Atxiloketa horren inguruan sortzen ari diren erreakzio guztiak biltzen ari da The Guardian egunkaria.