argia.eus
INPRIMATU
Smithsonian jaialdian euskal kulturaz emango den irudi “estereotipatua” kritikatu du Ahal Duguk
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Podemos-Ahal Dugu ez da Smithsonian Folklife Festivalean izango. Washingtonen, AEBetako hiriburuan ospatuko da jaialdia asteazkenetik aurrera, eta Jaurlaritzak eta Aldundiek gonbidatu zuten alderdi morea, gainontzeko partiduekin batera.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2016ko ekainaren 29a
Kepa Junkera eta Sorginak dira Smithsonian jaialdian ariko diren musikarietako batzuk.

Urtarrilean iragarri zuten festibal horretan Euskal Autonomia Erkidegoak protagonismoa izango zuela aurten. Tabakaleran egindako agerpen publikoan hiru Foru Aldundietako buruzagiak, Donostiako alkatea eta Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburua izan ziren besteak beste –Kultura sailburuordea ez ordea–.

1967tik ospatzen den jaialdiaren aurtengo edizioan "Basque innovation by culture" ("Euskal berrikuntza kulturaren bidez") da gai zentraletako bat. Jaialdiak Euskal Herriko musikariak (Gatibu, Kalakan, Kepa Junkera, Korrontzi, Mikel Markez…), dantzariak (Aukeran, Oinkari, joaldunak…), herri kirolak, gastronomia, itsas-industria edo AEBetako euskaldunen lekukotasunak jasoko ditu, besteak beste.

“Irudi estereotipatua” kritikatu du Ahal Duguk

“Gure mugetatik haratago euskal kultura zabaltzeko ahaleginak egitearekin bat gatoz, baina kezka handiarekin ikusten dugu euskal kulturaz zabal daitekeen irudi estereotipatu eta homogeneoa”, irakur daiteke Ahal Duguk bere erabakia esplikatzeko argitaratu duen oharrean. “Euskadin errealitate kultural anitz bizi dira elkarrekin” oharrean nabarmendu dutenez. Ugaritasun hori, ordea, ez da behar bezala ordezkatuko jaialdian Ahal Duguren ustez.

Kritika estereotipo kulturaletik harago doa: “Ezin dugu partekatu kultura etekin ekonomikoa ateratzeko edo turismoa erakartzeko erabilia izatea, bide esklusiboak balira bezala, horrela promoziorako baliogarriak ez diren kultura adierazpenak argazkitik at geratuko baitira”.

Gainera, “zalantza asko” agertu ditu alderdiak, “diru publikoarekin egiten diren ekitaldi mota hauek, milioi bat euro inguru kasu honetan, ekar ditzaketen itzulera ekonomiko eta sozialei buruz”.

Auzia arretaz jarraituko dutela iragarri dute. “Urtez urte, kulturako aurrekontuak jaisten dira eta, horren ondorioz, sortzaileek beren lanetatik bizi ezinda dauden bitartean, euskal instituzioek ekitaldi erraldoi eta hotsandikoen aldeko apustua mantentzen dute”.