argia.eus
INPRIMATU
Smartphonea: gure fetitxe erregea
Jexux LarraƱaga Arriola 2025eko urtarrilaren 16a

Bizi dugun kultura kontsumistak, erabiltzaile oro agintzen du gozamen neurrigabera. Slavoj Zizek dioen eran, Goza ezazu zure fetitxea, hiper-modernitatearen agindu ozena bihurtu da. Fetitxearen lekua betetzeko dauden gailu teknologikoen bidez gauzatzen baita egungo gozamena. Baina azkenerako agindu bete ezina bihurtzen delarik, zorion ezaren porrota biderkatuz doa.

Hain zuzen, guk gailu horiek erabiltzen ditugun arren, ordain berean haiek gu erabiltzen gaituzte, eta funtsean, teknologia horiek dira gure barrena moldekatzen eta eraldatzen ari direnak. Izan ere, kapitalismo teknologikoak, ez produktua bakarrik, horren beharra izango duen kontsumorako subjektua ere, sortu egin behar du. Eta horrela inposatzen digu modernitatearen jainko berria: merkatua.

Dagoeneko Silicon Valleyren iraultzak lortua du gu guztiok lilura-egoeran jartzea, fetitxe teknologikoen mendean baikaude erabat. Iraultza  horren ondorioz, mundu osoa bihurtu da herrixka globala. Ordutik, eta etenik gabe, ordena digital berri bat zabaltzen joan da. Zenbat eta gailu txiki banan-banakoak erabili are eta eraginkorragoak bilakatu dira, hara: smartphonea da, egungo fetitxe erregea.

Denok erabiltzaile eta kontsumitzaile iraunkor gisa definitzen gaituen aro garaikideak, bere eredua inposatzen digu, eta horren araberan bizi gara. Subjektibotasun horrek indar handiz markatzen ditu gizartean eta familiaren barruan bizitzeko moduak, etxe bakoitzean pixkanaka pribatizazio uharteak ezartzen ari direla. Gordin esateko: bakarrik edo smartphone-ari begira jaten da, hainbat pantaila bakardadean ikusten dira, Whatsapparen bidez komunikatzen da nahiz eta etxe barruan egon… etxekotzen ari diren sintoma sozialak dira. Gizakiaren presentzia smartphone batek edo tableta batek ordezkatzea naturala bihurtu dugu. Une oro konektatuta egotea eskatzen duen prozesu indibidualista gailendu zaigu.

Smartphonea, kapitalismo teknologikoaren eskakizunetara ezin hobeto moldatzen den gure gorputzaren luzakina izaki, giza baldintzaren 'mutazio kulturala' aitzinarazteko fetitxe maiteminena da

Bizimodu postmoderno hegemonikoaren ondorenak dira, zoritxarrez, areagotzen joango direnak. Dramatikoki inposatzen ari zaigun aro postmodernoaren subjektibotasunari atxiki zaion nortasun hibridoaren adierazle. Bizikidetzaren forma berri gisa har liteke, baina agerian dago aurrez aurreko komunikazioaren galera bidea. Egun, smartphone-ak gure eskuen benetako protesi gisa funtzionatzen du, norbanakoaren luzakina bailitzan.

Gailuen bidez gero eta kontrol handiagoa ahalbidetzen da. Gure desirak, asmoak, kontsumoak, ez dira arrotzak hodeietako jauntxoentzat (Echeverria, 2020). Algoritmoek erabiltzaileari buruz norberak baino gehiago dakite. Algoritmoen bidez hodei jabeek duten ezagutza, tentuz erabiltzen dute kontsumismoarekiko lilura areagotzeko, egungo munduak eskatzen duen eran, eta mugarik gabe. Bidaia ezazu! Eros ezazu! Zoriontsu izan zaitez! garai postmodernoaren agindu zorrotzak dira. Alajaina, nagusiaren menekoa izango den subjektibotasun digitalizatuaren aginduak, kultura sozial hegemonikoan gogobetez onartzen dira. Izan ere, nagusiaren egia zalantzan jartzea oso gaizki ikusia dago.

Pantailen aurrean orduak eta orduak metatzearen ondorioz, smartphonea fetitxe erregea bihurtu dugu. Kapitalismo teknologikoaren eskakizunetara ezin hobeto moldatzen den gure gorputzaren luzakina izaki, giza baldintzaren mutazio kulturala aitzinarazteko fetitxe maiteminena da, subjektibitate hibridoaren bitartekaritza egiten aproposa. Giza barrena eskaneatzeko tresna. Gure fetitxe orojakilea.

Kontsumismoa smartphone-arekin bateratuz gero, gure aroko fetitxe erregea integratuta geratzen da kapitalismo globalaren ardatzean. Subjektibotasunaz jabetzeko modu horrek kontrol soziala areagotu baino ez die egingo belaunaldi digital berriei. Baina traumatikoena, subjektibotasun lapurreta hori prozesatzeko ezintasunetik sortzen da.

Jexux Larrañaga Arriola