argia.eus
INPRIMATU
Smartphone-etako teknologia ardatz Informatikari Euskaldunen IX. Bilkuran
  • Informatikari Euskaldunen IX. Bilkura (IEB2013): Informatika eta Mugikorrak ekitaldia egingo da gaur Donostiako Teknologi Elkartean, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatuta. Gaur egun telefonoek Internetekin eta informatikarekin duten harremana jorratuko da ikastaroan.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 08a
Ekitaldiaren kartela.

 

 

“Sakelako telefonoen erabilera askotarikoa, smartphone-etarako aplikazioen programazioa, IP telefonia, mezularitza, web-zerbitzuen erabilera, euskaraz dauden aplikazioak eta abar landu nahi ditugu aurtengo bilkura honetan”, dio ekitaldiaren programak.

Bilkura hitzaldiz eta komunikazioz osatuko da. Esperientzien eta proiektuen berri emango dute, baita euskaraz garatutako softwarea aurkeztu ere. Telefonoetako informatikan euskarak duen erabileraz gain, horren azpian dagoen teknologiari buruz mintzatuko dira.

Hamar orduko ikastaroa izango da, izaera presentzialekoa, eta matrikula doan izango da ikasle, langabe, erretiratu eta UEUko bazkideentzat. Bazkaria ere eskainiko da 12 euroren truke.

1996an lehen IEB egin zenetik zortzi ekitaldi antolatu dira. Bilkura arrakastatsuak izan dira, azkenekoan 200 lagun elkartzeraino. Informatikarekin lotura duten hainbat arlotan lanean dabilen jendea bertaratu ohi da: irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideak nagusiki.

Hemen IEB2013 ekitaldiaren bloga.

ARGIAk Ihesi aplikazioa aurkeztuko du

Bestalde, ARGIAk mugikorretara egokitutako Ihesi aplikazioa aurkeztuko du bilkura horretan. Iaz sortu zuen ARGIAk Euskal Herriko zazpi herrialdeetako lehen turismo gida den hau. Webgunea, gainera, jendeak egindako ekarpenetan oinarritzen da. Mugikorretara egokitu dute webgunearen aplikazioa, jendeak edozein txokotatik kontsultatu dezan edota ekarpenak egin ditzan.