argia.eus
INPRIMATU
Smartphone eta tabletek haurren garapenean eragiten al dute?
  • Smartphone, iPad edo antzerako gailuekin gehiegi jolasten duten haurrek arriskua dute hainbat gaitasun ez garatzeko: enpatia, interakzio soziala eta arazoen ebazpena besteak beste,  Bostoneko unibertsitateko medikuntza eskolako ikerlari talde batek Pediatrics aldizkarian adierazi duenez.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko otsailaren 03a

Gaitasun hauen murrizketa haurren eta gurasoen arteko interakzioa urritzearen eragina dela azpimarratu dut; izan ere, hauen ustez, guraso asko haurrak teknologien bitartez lasaitzen saiatzen dira.

Adituen arabera, umeak arreta eta autodiziplina arazoekin doaz eskolara, irakasle, ikasle eta gurasoei arazoak sortuz. Ordenagailu aurrean orduak ematen dituzten umeek, euren garapenean atzerapenak izan ditzakete eta gerora alfabetatzeko prozesuan aurrera egiteko gaitasun eza izan dezaketela.

“Lehen umeek hizkiak azkar ikasten zituzten haur eskolan. Egun, gero eta haur gutxiago dira hizkiak ikasten dituztenak, eta makurrena dena, ez dituzte ikasi nahi”, salatu du Iwona Lemánska lehen hezkuntzako irakasleak.

Cris Rowan pediatra, terapeuta okupazional eta biologoaren arabera, haur eta gazteek gailu elektronikoak gomendatutakoa baino bost bider gehiago erabiltzen dituzte eta euren bizitzan eragin larriak izaten dituzte.

Dimitri Chistakis doktorearen arabera, orain arte egindako ikerketa guztiek ez dute sakontasun handirik izan, eskuko gailu elektroniko hauen inguruko fenomenoa oso berria delako: “iPadak merkatuan hiru bat urte daramatzate. Horrek esan nahi du orain arte fenomeno honekin lotuta egin diren ikerketa guztiak gehiago garatu behar direla. Umeendako gauzarik garrantzitsuena gurasoekin edota zaintzen dituzten pertsonekin denbora igarotzea da. Gurasoek umea gailu elektronikoekin ematen duen denbora kontrolatu behar dute, baita hauen erabilpenak  ekintza garrantzitsuagoak zein neurritan ordezkatzen dituen ere”.

Kaiser Fundazioak eta Kanadako Active Healthy Kids-ek gailu elektronikoen neurrigabeko erabilpena handitu dela ohartarazi dute. Kontrolik gabeko erabilpen hau gehien bat haurrengan areagotu da Rowanen arabera: “Pediatra moduan gurasoei, irakasleei eta gobernuei hamabi urtetik beherako haurrendako eskuko gailu elektronikoen erabilpena debekatzea eskatzen dut”.

Ameriketako Pediatria Akademiaren eta Kanadako Pediatria Elkartearen arabera, 0-2 urte bitarteko haurrek gailu elektronikoekin ez dute harremanik izan behar, eta bi urtetik gorakoek egunean bi ordu nahiko izan beharko lituzkete.