argia.eus
INPRIMATU
Skolae programarengatik mehatxuak jaso dituela salatu du Solana Hezkuntza sailburuak
  • “Onartezinak diren mehatxuak dira” adierazi dio Nafarroako Gobernuak Poliziari. “Mezu faxistak” eta “material pornografikoa” jaso izan duela dio Solanak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 26a
Argazkia: Navarra.com

Aurreko ikasturtean Nafarroako hamasei ikastetxetan aplikatu zen proiektua da Skolae. Erabateko berdintasunean oinarritutako heziketa programa da. Madrilen ikasturtea hasi aurretik eginiko hezkidetza kongresu batean oso kritika onak jaso zituen, eta egun ikastetxe gehiagotan indarrean egotea lortu du Nafarroako Gobernuak. Nafarroako eskuina ez dator bat erabakiarekin.

Nafarroako Hezkuntza Sailburua denak, Maria Solanak, ekainetik bizkartzainen beharra du. “Mehatxu konstanteak” jaso dituela salatu du, jada “onartezinak” bihurtu direnak. Bere gabineteak ere erasoak pairatu izan ditu, orain arte halakorik esan ez duen arren: “Hiru aldiz aurkitu dugu gure bulegoa mezu faxistez eta mehatxuez pintatuta”. Dena dela, taldeak “gogor” jarraituko duela lanean dio, “kalitatezko, berdintasunezko hezkuntza eleanitz”  baten alde.

Azken erasoa, Huarten

Atzo goizean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean, pintaketa homofoboekin esnatu zen Huarteko berdintasunaren aldeko aldarriez jositako horma. Letra gorriz honelako mezuak irakur zitezkeen: “Skolaeri ez, ikasgeletako korrupzioa kanpora”, “genero ideologiari ez”, “pedofilia ez” eta “lobby korruptoei, hots, lobby gay eta feministei, ez”, besteak beste.

 

“Sorgin ehiza”

UPNk eta PPk “sorgin ehiza” abiatu dutela salatu dute, hala jakinarazi du El Diario.es-ek. Azaroaren 15ean, UPNk –PPren babesarekin– Skolae programa legeztatu eta martxan jartzearen alde borrokatu zuten horiek identifikatzeari ekin zion. Nafarroako Legebiltzarrean egin dute eskaera. Jakin nahi dute gobernuarekin zein lotura, baita kanpoko elkarteekin ere, zein titulazio dituzten eta iraganean zertan lan egin duten. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren barneko arduradun nagusiak ere “harrapatu” nahi dituzte.

Elizaren jokaera

Elizako zenbait sektore ere proiektuaren aurka azaldu dira. Horren harira, zenbait apaizek bi hitzaldi antolatu dituzte Nafarroan, bat Cascanten eta bestea Ablitasen, familiei arrazoituz “akats larria” dela Skolae proiektua defendatzea.