argia.eus
INPRIMATU
“Sistema publiko indartsua” aldarrikatuko du hezkuntza komunitateak Aiaraldean
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrematrikulazio kanpainan abian jarritako zaurgarritasun indizeak gatazkak piztu ditu Arabako Lamuza eta Zabaleko eskoletan. Mobilizazio zaratatsua egingo dute ostiralean, Lamuza ikastetxetik abiatuta.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 20a
Argazkia: Aiaraldea.

Aiaraldeak Lamuza eta Zabaleko eskolako bi guraso elkarrizketatu ditu: Monica Migueléz Garcia eta Esti Garmendia Santamaria.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek sinatutako hezkuntza legearen aurreproiekturako akordioan jarri du Miguelézek gertatutakoaren jatorria. Garmendiaren iritziz, "arrazista eta klasista" da Hezkuntza Sailaren planteamendua: "Galdetegi horrek ahalbidetzen duena da etiketa bat jartzea eta ‘zaurgarri’ sailkapena duten familiei ukatzea euren seme alabentzako hezkuntza mota erabakitzeko eskubidea".

Miguelézek salatu du atzean dagoena dela itunpeko ikastetxeei "mesede egitea" eta hezkuntza publikoari "baliabide gutxiago" eskaintzea. Hala, bi gurasoek salatu dute hezkuntza sistema duala berez segregatzailea dela, eta "sistema publiko indartsu" baten beharra jarri dute mahai gainean. Era berean, adierazi dute eskola barruan bizi den errealitateak haurrek kanpoan topatuko dutenarekin bat egiten duela.

Mobilizazioa ostiralean

Manifestazio zaratatsua egingo dute ostiralean 18:00etan Lamuza Ikastetxetik abiatuta, Aiaraldeko hezkuntza publikoa bizirik! lelopean. Eskualdeko hezkuntza zentro publikoek eta bertako guraso elkarteek deitu dute mobilizazioa, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbidapena.