Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren ustez, “sistema ez dago prestatuta” 1.080 euroko gutxieneko pentsioetarako. Baina bai, antza denez, berea bezalako soldatetarako. Ba al dakite horiek guztiek 950 euroko gutxieneko soldatarekin, 650eko DSBEarekin edo 650eko pentsioarekin bizitzea zer den?
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak urtean 105.825 euro irabazten ditu. Baina bere ustez, “sistema ez dago prestatuta” 1.080 euroko gutxieneko pentsioetarako. Ados egongo da Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuarekin –94.335 euro irabazten ditu urtean–, “hilean 600 eurok bizitza duina bermatzen dute”, eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuarekin –honek ere 94.335 euro irabazten ditu urtean–, esan zuenean kaleratzeak saihesteko “aldi baterako soldata murrizketak negoziatu” behar direla.
Izan ere, sistema badago prestatuta, antza denez, beste soldata hauetarako: Felipe VI.a Espainiako Erregeak, 253.850 euro/urteko; Letizia haren bikoteak, 139.610 euro, eta Sofia amak, 114.240 euro. Bere aitak, abdikazioaren ondoren, 200.000 euro jaso izan ditu urtero berriki arte. Espainiako Gobernuko presidenteak, 85.608 euro irabazten du urtean; ministroek, 75.531 euro; Espainiako Parlamentuko presidenteak, berriz, 230.930 euro, eta diputatuek, 55.880. Espainiako Konstituzio Auzitegiko presidenteak, 157.576 euro; Auzitegi Gorenekoak, 142.210; CEOE espainiar patronalekoak, 300.000…
Hego Euskal Herrian ere “sistema” halako soldatetarako prestatutarik dago, dirudienez. Arestian esandako Urkulluren eta bere sailburuen ordainsariez gain, beste asko daude: Nafarroako lehendakariak, 75.262 euro urteko; bere sailburuek 70.040 euro. Bilboko alkateak 98.018 euro jasotzen ditu –eta hirurteko bakoitzeko beste 9.774 euro–; Gasteizkoak, 86.870 euro; Donostiakoak, 87.952; Iruñekoak, 65.338… Arabako ahaldun nagusiaren urteko soldata 97.970 eurokoa da; Bizkaikoarena, 101.964; eta Gipuzkoakoarena, 92.000.
Ba al dakite horiek guztiek 950 euroko gutxieneko soldatarekin, 650eko DSBEarekin edo 650eko pentsioarekin bizitzea zer den? Gutxienez urtebete pasa beharko lukete miseriazko soldata horiekin, ikusteko milaka herritarren egoera zein den, sistema ez baitago prest haiei bizimodu duina eskaintzeko.