argia.eus
INPRIMATU
Siriarrek parlamentua hautatu dute igandean
  • Gatazka armatuan bederatzi urte beteta eta musukoak jantzita hautatu dituzte parlamentuko kideak Sirian. Assaden aldeko hautagaiak nagusitzea aurreikusten da. Bitartean, konstituzio berri bat osatzeko negoziatzen ari dira oposizioa eta Baaz alderdia.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 20a
Emakume siriarra bozkatzen. Argazkia: Sana Argazkia: Sana

Gerra hasi zenetik hirugarren hauteskunde parlamentarioak egin dituzte Sirian igande honetan. Hautestontziak itxita, boto zenbaketekin hasi dira dagoeneko. Bederatzi urtetik gora dira gatazka armatua piztu zela, eta gerraren mehatxupean bozkatuko behar izan dute siriarrek beste behin.

Gobernuaren kontrolpeko guneetan soilik bozkatu ahal izan da ordea, errepublika arabiarraren lurraldearen %70ean, zehazki. Oposizio islamista sunitaren menpean dauden eskualdeetan ez dago hauteskunde sistemarik. Oraingoz, talde horien eskuetan aurkitzen dira ipar-mendebaldeko Idlib probintzia nahiz Alepo eta Hama hiri inguruak. Ipar-ekialdea, berriz, indar kurduek kontrolatzen dute, Kurdistan siriarreko lurralde historikoez gaindi.

Baina gerrak ez ezik, COVID-19aren pandemiak eta krisialdi ekonomikoak ere kolpatu dute herrialdea. Egoera desegonkorra dela eta, zenbait protesta izan dira azken asteotan erreforma ekonomikoaren alde eta ustelkeriaren aurka. Baina hala eta guztiz ere, igande honetako zein datorren urteko presidentetza hauteskundeetan Al-Assadek eta Baaz alderdiak hegemonia berrestea aurreikusten da. Izan ere, gerran zehar Daeshen aurka izandako garaipenak zuzenean eragin du presidentearen eta gobernuaren prestigioa indartzean. Igande honetako hauteskundeak apirilean egin behar zituzten berez, baina atzeratu egin zituzten, COVID-19aren pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz.

Konstituzio berria

Bien bitartean, Baaz alderdia eta oposizioko zenbait kide Konstituzio berria osatzeko elkarrizketak ari dira egiten Genevan (Suitza) iazko urritik, gizarte zibileko eragileekin batera eta Nazio Batuen Erakundearen babesarekin. Akordioa erdietsiko balute, hitzarmena betearazteko eta tenpusak erabakitzeko ahalmena izango du parlamentuan gehiengoa duen alderdiak. Aginte denbora mugatzeko legea, adibidez, 2021eko bozen ostean ezartzeko aukera egongo litzateke, baina horretarako oposizioak irabazi behar luke. Jokoan dauden 250 eserlekuetatik 127 langileentzako eta nekazarientzako izango dira, eta gainerako 123 eserlekuak bestelako ordezkarien artean banatuko dira. Bi mila hautagaitik gora aurkeztu dira, talde islamistekin harremana duten oposizioko zenbait buru salbuetsita.

Oposizioaren oreka belikoa

Baina badirudi erabateko garaipen militarra ezinezkoa izango dela. Hala adierazi dute, behintzat, gerrako alderdiei babesa ematen dieten herrialdeek: batetik, Al-Assaden aliatuak diren Errusiak eta Iranek, eta, bestetik, oposizioko talde islamistak babesten dituen Turkiak. Hirurak uztailaren 1ean bildu ziren azkenengoz, eta “Idlib probintziako su-etenari eustearen beharra” nabarmendu zuten guztiek. Urte bat bete da Al-Assaden tropa leialek Idliben Al Qaedaren filialaren aurkako ofentsibari ekin ziotela, oposizio islamistaren azken gotorlekua eraitsi asmoz. Siriako Ejerzitu Arabiarrak ez du bere helburua lortu ordea. Bestalde, iragan martxoan herrialdea inbaditu ondoren, Turkiak Siriako ipar-ekialdeko muga-zerrenda handi bat kontrolatzen du. Milizia kurduek, berriz, herrialdearen ekialdea eskuratu dute AEBen laguntzarekin. Gune horrek petroleo erreserba handiak ditu, eta milizia kurduek lapurtu eta legez kanpo esportatzen dituzte euren operazioak finantzatzeko.

Zigor ekonomikoek itota

Erabateko independentziaren aldeko borroka maldan gora aurkitzen da Siriarentzat, COVID-19aren krisialdi ekonomikoa are larriagoa bihurtzen baita AEBek berreraikuntza zapuzteko ezarritako zigorrekin. Dena den, hauteskundeek okupazio militarraren zilegitasuna zalantzan jarri eta siriarren borondatea islatu dute beste behin.

Frontearen mapa eguneratua