Siriako gerran erabiltzen ari diren Eurofighter erasorako hegazkinaren zati batzuk Euskal Herriko Itp, Aernnova eta Sener enpresek egiten dituzte. Leopardo gudarako orgaren zati batzuk Sapak egiten ditu.
Irailaren 1ean, Erresuma Batuko bi Eurofighter erasorako hegazkin (britainiarrek Typhoon deituak) gehitu zaizkie NATO Estoniako Amari-n pilatzen ari den indar militarrei. Eurofighter hegazkinak erabili zituen, baita ere, Saudi Arabiak Siria bonbardatzeko 2015 hasieran. Eta albiste honen arabera, Espainiak ere 2015 eta 2016an lau Eurofighter bidali zituen Amarira. Hegazkin hauen zatiak egiten dituzte Euskal Herriko Itp, Aernnova eta Sener enpresek, Estas guerras son muy nuestras (Gerra hauek oso gureak dira) liburuan Gasteizkoak kolektiboak azaltzen duenez.
Espainiak Amari-ra bidali dituen Leopardo gudarako orgek ere Euskal Herriko parte-hartzea dute, zati batzuk Sapak eginak baitira. Gauza bera Turkiak Sirian erabili dituen Leopard gudarako orgekin.
Eurofighter proiektua
Eurofighter erasorako hegazkinak egiteko proiektua 1997an hasi zen (Espainiako estatua 1984an gehitu zen proiektura). Eurofighter partzuergoa lau herrialde eta hiru enpresak osatzen dute: Erresuma Batua (%33ko parte-hartzea) BAE Systems enpresarekin; Alemania (%22) eta Espainia (%13) Airbus DS enpresarekin biak; eta Italia (%21) Leonardorekin. Eurofighter da erasorako erabiltzen duten hegazkina herrialde hauek: Erresuma Batua, Alemania, Italia, Espainia, Austria eta Saundi Arabia. Epe ertainean Eurofighterrak erosiko dituztela espero dute Omanek eta Kuwaitek.
Espainiako Gobernuak Eurofighterrak erosteko 10.629,86 milioi euroko gastua onartu du
ABCk apirilaren 4an argitaratutakoaren arabera, Espainiak 63 Eurofighter erosi ditu orain artean eta 2018 bukaerarako beste 9 eskuratzea espero du Gobernuak. Albiste honen arabera, Espainiako Ministroen Kontseiluak Eurofighterrak erosteko onartutako "gastu sabaia" 10.629,86 eurokoa da.