argia.eus
INPRIMATU
Sirian “berehala” esku hartzeko eskatu dio Liga Arabiarrak NBEri
  • Hegazkin israeldarrek Siria bonbardatu izana gogor salatu du Liga Arabiarrak. Eraso gehiago izan ez daitezen, "berehala" mugitzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluari.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko maiatzaren 06a
Azken orduetan bi bider erasotu du Israelek Siria. (Argazkia: Al Jazeera)

Omran al-Zoubie Siriako Komunikazio ministroak adierazi duenez, bestalde, herrialdeak aurten jasan dituen hiru erasoei "erantzun egin behar zaie", nahiz eta ez duen berehalako ekintzarik iragarri.

Ostiralean Damasco inguruko aireportu bati egin zioten eraso, eta igandean ustezko base militar bati.

Erasoei buruz galdetuta, Israelgo Gobernuak ez du erantzun garbirik eman. Ez du esan bonbardaketak agindu dituenik, ezta agindu ez dituenik ere. Dena den, Benjamin Netanyahu lehen ministroak adierazi du Israelen "segurtasuna eta etorkizuna" bermatzeak duela lehentasuna.

Zentzu horretan, Barack Obama AEBetako presidenteak esan du Israelek eskubidea duela Hizbulah bezalako "talde terroristei" armak ematen dizkien haiengandik defendatzeko.