Siriako gatazkan emakumeek pairatzen dituzten eraso sexisten inguruko txostena argitaratu du Euro-Mediterraneoko Giza Eskubideen Sareak. Erasotzaileak epaitegietara eramateko eta erasotutakoei laguntzeko programak eskatu dizkio Estatuari.
Negozioazioari ekingo diote Siriako egoerari irtenbidea bilatu asmoz. Mahaiaren gainean makina bat gai: nola amaitu liskarra, zer egin presoekin, nola ezarri demokrazia... Aitzitik, gerran jazarritako emakumeen egoerarekin zer egin inork ez du kontuan eduki. Hori da, hain zuzen ere, giza eskubideen aldeko elkarteek galdegin dutena: gaia agendan sar dezatela.
“Bulimia informatiboa eta ikusezintasuna”
“Bulimia informatiboa” da nazioarteko hedabideei leporatu dietena, alegia, emakumeen kontrako erasoen berri ez ematea. Horregatik osatu dute Emakumeen Kontrako Biolentzia; zauriaren odol emaria Siriako gatazkan buletina –PDF bertsioan hemen irakur daiteke, ingelesez–.
Egoera azaltzeko lau sail bereiztu dituzte txostenean eta bakoitzaren barnean kasu zehatzagoak azaldu dituzte. Honako hauek dira lau atalak: Bizitzako Eskubidearen bortxaketa; biolentzia sexuala gerrako arma gisa; ausazko atxiloketak eta desagerpenak; eta bahiketak.
Besteak beste, emakumeak giza-ezkutu bezala erabiltzea, beldur-sexuala zabaltzea, bortxatzea, mehatxatzea, kartzeletan torturatzea, iraintzea, bidezko epaiketak ukatzea, atxilotutakoak inkomunikatzea eta osasun tratua ez ematea salatu dituzte.
Orain, behin datuak esku artean izanda, fitxa mugitzeko exijitu diete politikariei.