argia.eus
INPRIMATU
Siriako arma kimikoak suntsitzen hasi izana begi onez ikusi du AEBk
  • AEBetako estatu-idazkari John Kerryk baieztatu du Siriako gobernuaren esku dauden arma kimikoen suntsiketa hasi dela eta horrek sinesgarritasuna ematen diola Baxar al-Assadi.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 07a
Sergei Lavrov eta John Kerry Baliko topaketaren ostean hedabideen aurrean hizketan (argazkia: Reuters).

“Oso esanguratsua iruditzen zait atzo, Nazio Batuen erresoluzioa argitaratu eta astebetera, arma kimikoetako batzuk suntsitu izana”, adierazi zuen Kerryk Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin Balin bildu ostean.

Errusiak eta AEBek Siriako egoera baretzeko sinatutako akordioaren lehenengo urratsa da Assaden esku dauden arma kimikoak deuseztatzea. “Prozesua errekor denboran hasi da”, adierazi zuen Kerryk atzo; “eskertzen diogu Errusiari laguntza eta, noski, Siriari, akordioa bete izana”.

Atzo hasi ziren arma kimikoak suntsitzen, nazioarteko adituz osatutako talde tekniko batek aste osoan Siriako gobernuak emandako informazioa aztertu ostean. Arma kimikoak suntsitzeko plana 2014ko lehen seihilekoan gauzatuko da.