argia.eus
INPRIMATU
Siria, Yemen edo Turkiako gerrak “hemen hasten direla” salatuko dute bizikleta martxa antimilitarista batekin
  • Talde ekologistek eta antimilitaristek bizikleta martxa egingo dute larunbatean Bilbon gero eta handiagoa den gastu militarra eta, Siriakoa bezalako gerretan, erakundeek duten inplikazioa salatzeko.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko apirilaren 05
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Batetik, Defensa Ministerioari zuzendu dizkiote kritikak, besteak beste, iaz bere aurrekontua %30 handitzeagatik eta 21 milioi euroko zorra pilatzeagatik, caza motako hegazkinak, tankeak edota urpekontziak erosten. 

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor salatu dute armagintza industria "diruz babesteagatik". Gasteizko gobernuak armak egiteko osagaiak ekoizten dituzten Sener, ITP edota Airnova enpresei diru-laguntzak eman dizkie talde ekologista eta antimilitaristen esanetan. Beste kritika bat ere luzatu diote Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuari, Bilboko Portutik egiten den "lehergailuz beteriko edukiontzien garraioa onartzeagatik". 

Kantabriak, esaterako, uko egin dio armen garraioari Ekologistak Martxan elkarteko Joseba Sanzek azaldu duenez. "Kantabriako Gobernuak adierazpen batean esan zuen Saudi Arabiako itsasontzi hori bertan porturatzea ez zuela nahi. Eusko Jaurlaritzari horrelako adierazpenik ez diogu atera urtebetean". 

Portuan aktibistek burutu dituzten mobilizazioen ondorioz, Eusko Jaurlaritza "despiste maniobrekin" ari dela dio Sanzek. "Azken zamatzea Santanderren egin ostean, ez dakigu Santanderren jarraituko duten, edota beste maniobra bat den". 

Emandako datuen arabera, azken 14 hilabeteetan Saudi Arabia helmugatzat zuten 312 edukiontzi zamatu dira Bilboko Portuan, 12.000 tona lehergailurekin. Hilero mila tona bonba dira, "asko". Sanzen hitzetan, "Siria, Yemen eta Turkiako gerrak hemen hasten dira, gerra horietan erabiltzen dituzten armak hemendik bidaltzen direlako, eta horregatik gerrak hemen gelditzen ahalegindu behar dugu". Armagintza industriaren eraldaketa posible dela aldarrikatu du, bere garaian Orbeak eta Alfak egin zuten bezala.

XI. Bizi Martxa

Larunbatean, apirilak 7, 11:00etan abiatuko da XI. Bizi Martxa Bilboko Foru Jauregiaren paretik Gerra hauek oso gureak dira. Made in Euskadi armak lelopean. Lehen geldialdia Barakaldon egingo dute, ITP lantegiaren parean. Helikopteroentzat eta borrokarako hegazkinentzat motorrak ekoizten ditu ITPk. Ondoren, Santurtzirantz, porturantz abiatuko da Bizi Martxa. Bertan bukatuko da mobilizazioa.  

Kakitzat, KEM-MOC, Eguzki, Ekologistak Martxan, Komite Internazioalistak, Askapena eta Ongi Etorri Errefuxiatuak babestu dute Bizi Martxa. 

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.