argia.eus
INPRIMATU
Siria osorako su-etena iragarri dute Turkiak eta Errusiak
  • Asteazken gauean jarriko dute indarrean su-etena, Anadolu agentziak informatu duenez.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 28a
Vladimir Putin eta Recep Tayyip Erdogan (Arg: Anadolu agentzia)

Ankara eta Mosku akordio batera heldu dira Damaskoko Gobernuarekin eta oposizioko taldeekin. Su-etenak onarpena jasotzen badu, negoziazioei emango diete bide Kazakhstango hiriburuan, Astanan.  

Negoziazio horietan izango lirateke Bashar al-Assaden Gobernua eta oposizioko indar guztiak, terroristatzat jotzen dituztenak izan ezik. Kanpo geldituko lirateke, beraz, Kurdistango Batasun Demokratikoaren Alderdia (PYD) eta Kurdistango Herri Babesaren Unitateak (YPG).

Alepoko hiriko su-etena babestu eta bi astera iragarri dute akordioa Turkiak eta Errusiak, eta polizia turkiar batek Errusiak Ankaran zuen enbaxadorea tiroz hil eta astebetera.