Dakota amerindiar herria diru-bilketa kanpaina frenetikoan sartuta ibili da azken asteetan noizbait berena izandako lurra erosi ahal izateko. Dakota edo Lakota herria, Sioux gisa izendatu zuten bertara heldutako europarrek. 1876an kendu zieten lurra eta ordutik, esku pribatuetan egon da, berentzat sakratua den Pe' Sla erromesaldi gunean ibiltzen utzi izan dieten arren. Hala ere, jabeak salgai jarri zuen lur eremua eta etxeak eta errepideak egingo zituzten beldur ziren dakotarrak. Azken aukera gisa, lurra beraiek erosteko kanpaina abiatu zuten, eta azkenean, dolar nahikoa lortuta, jabearekin akordioa lortu dute.
Joan den larunbatean, Hego Dakotan (AEB) Pe' Sla guneak Sioux herriarentzat behar duela defendatzeko mugimenduko kideek prentsari jakinarazi zioten tribu hauek 800 hektareako gunea erosi egingo dutela azkenean.
Hainbat asteren ostean, Dakota herria osatzen duten bederatzi tribuek nahiko dirua lortu dute Pe' Sla-ren egungo jabeari lurra erosteko. Ez dute adierazi erosketaren xehetasunik, ez noiz egingo den esku aldaketa, ezta zenbatean adostu duten prezioa ere.
Prentsaurrekoa "Black Hills ez dago salgai" irakur zitekeen margo handi baten aurrean eman zuten, 1851n AEBek onartu eta bete ez duten lege bati erreferentzia eginez. Lege horrek Black Hills-en (Mendi Magal Beltzak) jabea Dakota herria zela zioen, baina 1877an alde bakarreko erabakiaren bidez bota zuen atzera AEBetako Kongresuak. 1979. urteaz geroztik, AEBetako gobernuak 105 milioi dolar eskaini izan dizkie tribuei konpentsazio gisa, baina Dakotarrek uko egin izan diote beti, aldarrikatuz, lur hori beraiena dela.
Last Real Indians elkarteak bideratu du Pe' Sla salbatzeko diru bilketa, guztira 300.000 dolar lortuz. Kopuru horri, Rosebud Dakota tribuak jarri dituen 1.3 milioi dolar gehitu behar zaizkio, eremua erosteko nahikoak. Prentsaurrekoan, tribu guztien arteko batasuna aldarrikatu zuten.
Informazio geihago:
Aaron Hurey fotokazetariak National Geographic aldizkariarako Dakota herriari buruz egindako lana.
Prentsaurrekoan mugimenduko hainbat kidek kanpainaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Pe' Slak beraientzat duen garrantzia azaltzen dute, Dakota herriaren historia azalduz. (Ingelesez)
Egungo kale artista ezagunenetakoa den Shepard Fairyk bere babesa adierazi zion Sioux herriari eta mural hau egin zuen Los Angelesen. Artista hau izan zen munduari buelta eman zion gorri eta urdin koloreko Obamaren posterra egin zuena.