argia.eus
INPRIMATU
Sioux herria eta ekologistak haserretu ditu Trumpek, oliobideak eraikitzeko baimena emanda
  • Asteartean Donald Trump, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak herrialdeko oliobideen eraikuntza lanak, Keystone XL eta Dakota Access oil pipelines DAPL, jarri zituen berriz ere martxan. Bi proiektu horiek geldirik zirauten iaztik, aborigenen zein ekologisten erresistentziak gogorrak izan baitziren.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 02a

Erantzuna berehalakoa izan da. DAPL oliobidearen eraikuntza oztopatzeko hainbat kanpamendu zituzten eraikita aborigenek eta lagunek; baina kanpamendu horietako batean 76 pertsona atxilotu dituzte. Bertako sheriff-aren arabera, kanpamendu hori eremu pribatuan dago, eta ondorioz kanporatu egin dituzte. Hain zuzen, lur horietatik igaroko da oliobidea, eta poliziak dio bere eraikuntzaz arduratuko den enpresarenak direla. Bertakoen aburuz, aldiz, lur horiek bertako aborigenenak dira.

Winona Laduke aktibista aborigenak Democracy Now! hedabideari adierazi dio Trumpek gerra deklaratu diola “ez soilik bertako aborigenei, baizik eta ura edan nahi duen edonori”. Standing Rock-eko sioux tribuak jakinarazi du Trumpen aginduak legea eta tribuarekin dituen itunak hautsi dituela, eta auzitegietara joko dutela erantzuna emateko.

Ia urtebete borrokan

Udaberrian hasi ziren protestak DAPL ibilbidea zabaldu zutenean, eta geroztik 700 pertsona inguru atxilotu dituzte bertan izandako protestetan.

Oliobidearen zati txiki bat soilik geratzen da eraikitzeko. Baina zati hori, Standig Rocks sioux erreserbaren ondotik igaroko da, eta bertakoen leku sakratuak eta hilobiak hondatuko ditu azpiegituraren eraikuntzak. Gainera, gune horretatik Missouri ibaia igarotzen da, eta ekologistek diote eraikuntzak urak kutsatuko dituela.

Trumpen erabakiak protestak piztu ditu Washington, New York, Los Angeles, San Francisco, Seattle, Philadelphia eta beste zenbait hirietan, eta bertako siouxek erresistentziara batzeko deia zabaldu dute.