argia.eus
INPRIMATU
Sionistak sabotajeak egiten ari dira Gazara laguntza humanitarioa daramaten kamioietan
  • Ehunka sionistek eserialdia egin dute Israel hegoaldean, bidea oztopatzeko Jordaniatik datozen kamioiei. Zisjordanian laguntza humanitarioa zeraman konboi bati eraso egin eta produktuak suntsitu dituzte.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 16a
Sionistak sabotajeak egiten ari dira Gazara laguntza humanitarioa daramaten kamioietan

Azken asteetan behin baino gehiagotan ikusi ditugu halako irudiak. Zibil israeldarrek oztopatu egin dituzte Gazara sartzekoak ziren laguntza humanitarioaren kamioiak, eta karga lapurtu edo suntsitu egin dute. Hebron inguruan, Zisjordanian, gertatu da aste honetan. Tzav 9 izeneko eskuin muturreko erreserbista talde batek kamioiei eraso egin die eta, Israelgo giza eskubideen abokatu baten esanetan, Poliziaren babesarekin egin dute ekintza. Sapir Sluzker Amran abokatua Hebron inguruko Tarqumiyah igarobidean egon da, eta salatu du Poliziak jakinarazi diela aktibista sionistei noiz eta nondik igaroko ziren kamioiak. Berak atxiloketarik ikusi ez badu ere, Haaretz hedabide israeldarrak esan du lau atxilotu egon zirela, Polizia sionistaren iturriak aipatuta. Hedabide honen arabera, polizia eta armadako kideak joan direnean, aktibistak itzuli dira eta bi kamioiri su eman diete.

Israelgo armadak zabaldutako bideo batean ikus daiteke nola blokatzen duten konboia manifestariek. The Jerusalem Post hedabidearen beste bideo batek erakusten du nola botatzen dituzten kutxa ugari kamioietatik lurrera, ondoren edukia suntsitzeko. Tzav 9 taldeak aldarrikatu ditu ekintza hauek, eta adierazi du laguntza humanitario guztia oztopatuko dutela Hamasek bahitutako pertsona guztiak askatu arte. Haur ugari ere ikusten dira laguntza humanitarioa suntsitzen.

Israel hegoaldeko Eilat hiriaren inguruan, Jordaniako mugan ehunka kamioi geldirik egon dira aste honetan, kolono israeldarrek Gazara doan errepidea blokeatzen zuten bitartean. Al Jazeeraren arabera, “gobernu israeldarraren zaintzapean” egin dute eserialdia, eta manifestariek Gazaren aurkako “blokeo osoa” eskatu dute. NBE eta Munduko Bankuaren txosten batek ohartarazi du Gazako biztanleen erdia baino gehiago muturreko gosez bizi dela. Txostenean nabarmendu dute munduan gosea bizi duten pertsonen %80a baino gehiago Gazako palestinarrak direla.

Gaza guztiz husteko eskatu dute kolonoek

Kolono israeldarrek, Israelgo Gobernuko eskuin muturreko ministro batzuekin batera, manifestazioa egin dute Sderot-eko kolonian, eskatzeko Gaza osoa hustu eta kolonizatzeko. Gobernuari eskatu diote koloniak eraiki ditzala etxe palestinarren hondakinen gainean. Sderot Gazako Zerrendatik kilometro bat baino gutxiagora dago, eta bertako kolonoak ezagun egin dira hilabeteotan, muino batean eseri eta begira egoten zirelako nola armada sionistako hegazkinek Gaza bonbardatzen zuten. Misil sortak botatzen zituztenean txalo egiten ikusi izan dira bideo ugaritan.

Sderoteko kolonoak 2014an, Gazaren gainean botatako bonbei begira. Argazkia: EPA