argia.eus
INPRIMATU
Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du
  • Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik. Benjamin Netanyahuk argi erantzun die: “Gerrak jarraituko du, guztiz irabazi arte”.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urriaren 18a

Ez dago argi, dena den, “guztiz irabaztea” zer den Israelentzat. 2023ko urriaren 7ko erasoen ondoren Israelek aipatu zuen Hamas guztiz garaitzea eta bahituak askatzea izango zela irabaztea. Urtebete beranduago, ez bata ez bestea ez dira bete, nahiz eta 42.000 palestinarretik gora hil dituen Gazan, eta beste dozenaka mila zauritu. Bestetik, 101 bahitu israeldar oraindik Hamasen esku daude eta Israelgo armadak dio haien erdia hilik egon daitekeela.

Horregatik, Sinwarrena moduko heriotzak oso ongi datozkio Israeli garaipen gisa aurkezteko, batez ere urriaren 7ko Hamasen erasoaren “antolatzaile” moduan aurkeztu izan dutenean. Ez dago zalantzarik erakundeko  buruak hiltzea mingarria dela Hamasentzat, baina ez dago zalantzarik ere erakundeak lortzen duela berrantolatzea eta Israelen aurkako gerrarekin jarraitzea. Israelgo armadaren arabera, Hamaseko borrokalarien herena hil du. Hamasek egunero jarraitzen du borrokan eta Israelgo soldaduak hiltzen eta zauritzen. Gazako administrazio zibilak ere bere esku jarraitzen du.

Sinwar Gazako buruzagi militarra izan da azken urte luzeetan, eta uztailean Israelek Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagia Teheranen hil ondoren, Hamaseko buruzagi gorena izendatu zuten. Dozenaka izan dira Israelek atentatuetan hil dituen buruzagi palestinarrak, bai Palestinaren Askapenaren Erakundekoak, bai Hamasekoak, baina horrek ez du bakerik ekarri Ekialde Erdira, eta bai ordea, gerra berriak.

Ez dago garbi, hala ere, nola hil duten Sinwar. Horrelako operazioak hilabeteetako jarraipenaren ondoren egiten ditu Israelgo armadak, baina oraingoan zabaldu dutenez, Israelek ez zekien ohiko borroka horietako batean hildakoetako bat Hamaseko buruzagia zenik. Azkenean, Israelgo armadak esandakoaren arabera, DNA frogak egin ondoren segurtatu dute bera zela.

“Gerrak aurrera jarraitzen du”

Iranek eta Hezbollah-ak Sinwarren heriotza deitoratu dute eta “erresistentziak” Israelen aurkako borrokan jarraituko dutela baietsi dute; areago, gerra beste etapa batera iragan dela azpimarratu dute. Esaten da Sinwar gabe su-etena errazagoa izan daitekeela Gazan, eta AEBek adierazi dute Qatar eta Egiptoko negoziatzaileekin harremanetan direla dagoeneko, duela asteak geldi dauden negoziazioak berriz abiarazteko.

Edozein modutan, Gaza eta Libanon, gerrak aurrera darrai eta oraingoz ez da ikusten nola amai daitekeen. Gazan, Israelek iparraldea jendez hutsa nahi duela dirudi, behin eta berriro lurraldea husteko agindua ematen baitu. Milaka palestinarrek, ordea, han jarraitzen dute, bai ez dutelako nola mugitu hegoalderantz, bai barneratua dutelako Israelek berdin hil ditzakeela Gazako edozein lekutan.

Azken asteetan, Israelek kolpe ikusgarriak eman dizkie Hamasi eta Hezbollahri, eta oraindik geratzen da Iranen aurka iragarrita duen erasoa. Oso gogorra izango dela dio Israelek, eta aurrekarien arabera, arrazoi asko dago pentsatzeko horrela izango dela.

Gaurkoz, Libanoko Osasun Ministerioak iragarri du Israelgo armadak 45 pertsona hil dituela eta 179 zauritu ostegun honetan egindako erasoetan. Israelgo armadak dio ostegun honetan 150 eraso egin dituela Gazan eta Libanon.