Espainiako Gobernuarentzat Carlos III. Osasun Institutuak egin duen bigilantziarako estrategiak markatzen du zer neurri hartuko diren koronabirusaz infektatuta daudenak detektatzeko, eta birusaren hedapena saihesteko: sintomak dituzten herritar guztiek isolatuta egon beharko dute PCR probak infekzioa ezeztatzen duen arte, edo 14 egun bete arte. Hauen gertuko harremanen bilaketa hasiko dute osasun zentroek. PCR probak baiezkoa ematen duten pertsonen kasuan, bere ingurukoek ere 14 egunez etxeko berrogeialdia egin beharko dute.
Koronabirus sintomak dituzten guztiei PCR probak 24 orduan egin beharko dizkiete osasun zentroek. Hala agindu du Espainiako Gobernuak maiatzaren 11ko Buletin Ofizialean (albiste honetan irakur daiteke informazio osoa). Sintomak dituzten hauek guztiek isolamendua egin beharko dute, PCR probak negatibo ematen duen arte. Aldi berean, bere gertuko harremanen bilaketari ekingo zaio. Pandemiaren faseko diagnostiko, bigilantzia eta kontrol estrategia txostenak arautzen du nola egingo den.
PCR probak baiezko eman duten pertsonen gertuko harreman guztiek (asintomatikoak badira ere), 14 egunez etxeko berrogeialdia egin beharko dute, pertsona horrekin azkenekoz kontaktua izan duten egunetik hasita. Baiezko eman duen pertsona horrekin bizi diren pertsonek ezin badute egoki isolatu berarengandik, berrogeialdia beste 14 egunez luzatu beharko dute. Gertuko harreman hauek 14 eguneko berrogeialdian zehar sintomarik garatzen badute, "susmagarri" izatera pasatuko dira, etxean autoisolatu beharko da berehala, eta bere jarraipenaren arduradunarekin harremanetan jarri beharko da. Aldiz, 14 egun igarota sintomarik garatu ez badu, etxeko berrogeialdia bukatutzat emango du.
Koronabirusari dagokionez, sailkapen hau egiten du Espainiako Gobernuarentzat Carlos III. Institutuak egindako estrategia txostenak. Bertan argi dio PCR probak edo honen baliokideak hartuko direla baliozkotzat, ez test azkarrak.
"Susmagarriak" dira sintomak izan eta oraindik PCR probaren emaitzarik jaso ez dutenak.
Baieztatuak dira infekzioa aktibo dutenak, PCR probak horrela adierazi duelako, nahiz eta sintomarik ez izan. Baita ere baieztatu moduan hartuko dira PCR probak ezezkoa eman arren, sintomak izanik proba serologikoek baiezko ematen dietenak.
Balizko gisa hartuko dira PCR probak ezezko edo dudako emaitzak eman arren, arnas infekzio larriak dituztenak.
Ezeztatu gisa hartuko dira PCR probak ezezko eman eta sintomarik ez dutenen kasuan.
"Diagnostikoa garaiz egitea" omen du helburu sintomak dituzten herritarren gertuko harremanak kontaktatzeak. Hauek dira gertukoak, kontrol estrategia honen arabera:
Batetik, pertsona hauek zaindu dituztenak. Izan profesionalak (babes neurri egokiak erabili ez dituena, zehazten du hauen kasuan) edo familiarrak eta gainerakoak. Bere etxe berean bizi diren ide guztiak ere bai.
Edozein pertsona 15 minutu baino gehiagoz berarekin egon dena, 2 metroko distantzia baino gutxiagora.
Hegazkinetan bi eserlekuko erradioan jarrita joan diren bidaiariak eta berarekin kontaktua izan duten bidaiariak.
Sintomarik izan gabe ere "susmagarrien gertuko harreman" hauen artean dauden pertsona guztiak informatu egin beharko dira eta "bigilantziak aktibo edo pasiboa" egiten hasiko zaie. "Susmagarriak" sintomak garatzen hasi aurreko bi egunetatik hasi eta isolamendua hasi duen arte "gertuko" izan dituen pertsonak kontaktatzea izango da helburua. Asintomatikoak izanik PCR probek positibo eman dietenen kasuan, diagnostikoa jaso baino bi egun lehenagoko "gertuakoak" kontaktatuko dira.
Espainiako Osasun ministro Salvador Illak hala adierazi du maiatzaren 12an: "Berriz agertzea saihesteko onena kontaktuak arakatzea da, eta fasez aldatzeko gakoa da hau. Kontaktuen bilaketa oinarrizko osasun arretan oinarritu behar da. Appak eta erraminta informatikoak lagungarri izan daitezke, baina bermatu behar da eraginkorrak direla".