Kultura eta pentsamendu feminista sustatzeko espazioa ireki dute Irantzu Varela eta Andrea Momoitio kazetari eta aktibistek. Lau solairuko eraikina alokatu dute zortzi urterako, lehen eztei soinekoen denda zena, ia 300 laguntzaileren diru ekarpenekin. Ekainaren amaieratik aurrera “forma guztietako” jarduera feministak antolatzeko espazio bihurtu da Sinsorga. Jateko eta edateko taberna ere badauka, baita denda bat ere.
“Gu bezalakoak direnentzako babeslekua da, bollera eta feminista guztientzako gunea”, azaldu zuten irekieran, eta ohartarazi ez dutela tokirik izango “transfoboek eta faxistek”. Jakinarazi dute Sinsorgak euskarazko jatorria duela: zenzurgue edo zentzurik gabekoa, formaltasun gutxikoa definitzeko erabiltzen den berba.
Sinsorgak dira, hain zuzen, espazio berri honen zutarriak. Bazkide horiek laguntza ekonomikoaren truke Sinsorga erabiltzen dute euren jarduera pertsonal, politiko edo profesionaletarako; horretarako atondu dute ganbara, sinsorgen espazio pribatua izan dadin. Jendea bazkide egitera animatu dute, eta nabarmendu dute kulturgune feminista hau irekitzea lortu dutela bazkide guztien sustengu ekonomikoari esker, besteak beste.
Eraikinaren zutabeak sendoak eta zurrunak dira, baina, itxuraz, kapitel korintiarrak bezain dotore eta ponposoa da. Sarreran daude neoizko argiak, brillantina, kolorea, eta lehengo dendaren parte ziren bost ezkontza soineko, bertako bost diseinatzailek transformatuta.
Beheko solairuan “garitoa” dago: edaria, eta Sustraia kooperatibak prestatzen duen janari begetariano eta beganoa. Eskailerak igota, lehen solairuan denda dago, baina ez edonolakoa: “Irizpide feministen arabera diseinatutako eta ekoitzitako produktuak daude, propioak eta beste sortzaile batzuenak”.
“Loreen pisua” izena du bigarren solairuak, eta Varela eta Momoitiok errepikatu dute espazio horretan ongi etorriak direla liburuen aurkezpenak, kultur jarduerak, erakusketak eta adierazpen kultural eta artistiko guztiak.
Proiektuaren hasieran erabaki zuten eraikinaren obra osoa emakumeek egingo zutela, eraikuntza sektorean euren presentzia aldarrikatzeko asmoz. Bada, onartu dute uste baino zailagoa izan dela, eta berretsi egin dutela emakumeek obretan jasaten duten trataera baztertzailea dela.
Hemezortzi hilabete luzatu den atontze prozesua dokumental batean bildu dute, Al Borde Films ekoiztetxearekin. Eraikinaren ateak jada ireki dituzte, baina 2024an bi ikus-entzunezko estreinatuko dituzte aurretik egin duten lan eta gogoetak partekatzeko. Sinsorgaren sortzaileek ilusioz diote askotan amestu duten tokia dela; bada, orain, zentzumen guztien bidez ezagutu daiteke Bilboko Alde Zaharrean.