argia.eus
INPRIMATU
Sinplearen konplexutasuna
  • Gaztea denean ez du zalantzarako tarte askorik uzten. Suge gorbatadunak badu ezaugarri bat gainontzekoetatik bereizten duena: gorbata. Gorbata, edo batzuek deitzen dioten moduan, lepokoa. Izan ere, kolore arre edo ilun, berdexka edo urdina izan badaiteke ere gorputza, buruaren atzealdean lepoko zuri nabarmena izan ohi du. Hargatik, leku batzuetan suge lepazuria ere deitzen diote suge gorbatadun gazteari.

IƱaki Sanz-Azkue 2024ko ekainaren 24a
Argazkia: Egoitz Alkorta.
Suge gorbatadun iberiarra (Natrix astreptophora)

TALDEA: Ornoduna/Narrastia.

NEURRIA: 120 cm gehienez.

NON BIZI DA? Belardi eta basoan, gune hezeetan.

ZER JATEN DU? Ornodun txikiak batez ere.

BABES MAILA: Babesik gabea.

Ez gaitezen nahastu, ordea, biodibertsitateak osatzen duen sare eder eta konplexu horren barruan dena ez baita hain sinplea eta erraza, eta horrek ematen dio, hein handi batean, bizitasuna zientziari. Konturatu baikara duela gutxi, bizi osoan suge gorbataduna deitu diogun hori ez dela bakarra Euskal Herrian. Espezie bakarra zena, bi direla esan baitigute ikerketa genetikoek. Hego Euskal Herrian suge gorbatadun iberiarra dagoen bitartean, Iparraldean iparraldeko suge gorbataduna dago. Oso antzekoak itxuraz haien artean, baina ezberdinak geneek esaten digutenaren arabera.

Hori gutxi ez eta, suge gorbatadun iberiarrak gaztetik heldura aldaketa izan ohi du, eta handitzen doan heinean, lepo atzeko gorbata zuria galtzen du. Eta hala, denborarekin suge handi samarra bihurtuko da. Baserritar askoren ustean gaztearen antza askorik ez duena. Horregatik, ahozkotasunean, sarri, bi espezietzat jo dira gaztea eta heldua. Leku berean bizi diren bi suge bailiran.

Ezaguna da landa guneetan. Izan ere, basoetako irekiguneak ez ezik, suge gorbatadun iberiarrak baserri inguruetako belardiak ere gustuko ditu. Hala, sarri esan izan digute belarra mozteko garaian ikusten direla. Azken aldian, ordea, makinek segaren lekua hartu duten honetan, asko hilik agertzen omen dira, makinak berak akabatuta. Eta hori, noski, ez da berri ona. Ezagutzen duten horiek bai baitakite inongo arriskurik ez duen sugea dela: hori suge makala da. Ez du ezer egiten. Suge gorbatadun iberiarrak ez baitu pozoirik. Hainbat baserritarrek esan digun moduan, akabatzeko baino, etxe inguruan edukitzeko da suge ona, sagu, arratoi eta ugaztun txikien jale amorratua baita.

Belardiez gain, eremu hezeak ere gustuko ditu. Hargatik, leku askotan erreka inguruetan, putzu edo aska inguruetan topatuko dugu. Igelak edo zapoak aurrean badaude ez die ezetzik esango mokadu horiei, eta hala, ondo elikatuta, lortuko du tamaina handi samarra. Ia 120 cm-tara iritsi daiteke.

Suge gorbatadunean, zientziak erakutsi dio ahozkotasunari, gaztea eta heldua espezie bera direla, eta genetikak zientziari, bakarra zela uste genuena, bi espezie direla. Ikertzaileek, ordea, lanean jarraitu beharko dute, Bidasoa inguruko suge gorbatadunak zein espezietan kokatu ondo asmatzeko, eta jakiteko, benetan bien arteko banaketa marra non dagoen.

Izan ere, naturaren sinpletasunean dago konplexutasunik handiena. Hari buruzko ezagutza handitzen goazen heinean, gero eta gutxiago ezagutzen dugula sentiarazten digun horretan.