argia.eus
INPRIMATU
Sinetsi behar diogu Macroni, Afrikako herrialdeei zorra barkatzeko prest dagoela dioenean?
  • Afrikako herrialdeei pandemiaren krisitik ateratzen lagunduko diela-eta, haien zorra barkatzeko prest dagoela adierazi du Frantziako Gobernuko presidenteak. Baina nondik dator zor hori, hain erraza al da berau barkatzea eta benetan hori egiteko asmoa al du Macronek? Sani Ladan aktibista afrikarrak erantzun dio presidenteari.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 21
Irudian, Sani Ladan giza eskubideen aldeko aktibista afrikarra

Hasteko, zorra oso kontu konplexua dela azaldu du Ladanek, zor ezberdinak baitaude: estatu jakin batek nazioarteko erakunderen batekin duena (adibidez Munduko Bankuarekin), estatu batek beste batekin duena, edo estatuak multinazional batekin duena. Afrikako herrialde gehienen kasuan, deskolonizatu eta independentzia lortu aurretik harturiko zorra da: alegia, dagoeneko metropoliarekiko –kasu askotan Frantziarekiko– zorra gainean zutela jaio ziren estatu hauek.

Nola funtzionatzen du zorrak? “Multinazional frantses batek adibidez meategi bat esplotatu nahi badu Afrikako herrialde batean, obrak egitea eskatuko du, meategirainoko errepideak eta abar, eta obra egiteko Frantziari zorra eskatzera behartuta dago herrialdea. Obra enpresa frantses batek egingo du eta beraz, zorraren diruari hark aterako dio etekina, enpresa horiek ez baitute zergarik ordaintzen Afrikan. Aurreko zorra ordaintzeko, berriz zorpetu egiten dira Afrikako herrialdeak, ziklo etengabean. Herrialdea itota dagoenean, materia primekin ordaindu behar du (petrolioa, esaterako)”.

Garbi du aktibistak: Europako agintariak zorra barkatzeaz mintzatzen direnean benetan esan nahi dutena da egokitzapen estrukturalak datozela. “1970eko hamarkadan halaxe eskatu zieten Afrikako herrialdeei: murrizketak sektore estrategikoetan (hezkuntzan, osasungintzan, segurtasunean…) eta zerbitzu publikoen pribatizazioa, Europako multinazionalen mesedetan. Independentzia lortu berri zuten herrialdeak geratu ziren sare industrial indartsurik gabe”. Sani Ladanek nabarmendu du Tomas Ankarak zorrari uko egiteko eskatu ziela Afrikako herrialde guztiei, eta hil egin zutela ondoren.

Frantziak Afrikan daraman politikak nazkatuta dituela erantzun dio Macroni. Horrez gain, “Afrikak beti lagundua izan behar duen irudi horretaz ere nekatuta gaude. Gero eta gehiago gara kontzientzia politiko eta historikoa dugunok, gauzak errepika ez daitezen”.

Sani Ladanen salaketa osorik lotura honetan entzun daiteke, gaztelaniaz.